Bukaerek pentsatzen hasteko bulkada sortzen baitigute, egunotan buruan dabilkit burutazio hauxe: zer izango litzateke nitaz, auto-gidariren batek, ekain hasieran, errepide ertzera zigarrokin bat bota eta aurtengo udara erre izan balu? Zer kenduko zidakeen udara hau bizitzeko aukerarekin batera? Zail da pentsatzen non legokeen bat bizitzako esperientzia batzuk gabe, izan urte batzuk ala udara bat, emandako pauso ezdeusenak ere eragiten duelako garen horretan, baina gidari supiztaile hark puska handi samarra ebatsiko lidakeelakoan nago.
Kenduko zidakeen distantzia hartzeko aukera, une batez pausatu eta egindakoei erreparatzekoa, gauzez ohartzekoa, haiek onartzekoa edo ez eta haietaz hitz egitekoa. Kenduko zizkidakeen ilunabar asko eta egunsenti batzuk. Denbora kenduko zidakeen: urteko beste sasoietan hain sarri falta zaidan hori. Kenduko zizkidakeen Portugalgo faroak eta itsaslabarrak zurekin, distantzia eta gertutasuna zurekin, zu kenduko zintuzkeen agian. Hizketaldi luzeak kenduko zizkidakean hirekin, eta hirekin, eta zurekin ere kenduko zizkidakeen. Eta lehen zail bazitzaidan neurria hartzen, orain argi ikus dezaket faltako litzaidakeen puskaren handia.
Baina puska hori nire-nirea dut, ez didate kendu, udara hau bizi egin dudalako, eta horixe da kontua, bizi dudala jada eta badoala, iraila geroz eta zoliago baitago beste aldetik atezuan. Laster hasiko gara berriz hasten, ikasturteroko tokia berriz ere bilatzen, asmatzen nondik nora jo behar dugun. Kavafisek aspaldi ohartarazi zigun hiriak etengabe jarraituko gintuela eta, halaxe, aurten ere hiriratuko gara ikasle garenok, Bilbora, Iruñera, atzerrira, orain etxe deitzen ditugun tokietara ala sekula etxekotuko ez ditugunetara, baina, bai batzuetan eta baita besteetan ere, geure tokiaren neurria asmatzen saiatuko gara, udara bukaerarekin berriz hasten.
Bi egunetik behineko Gaurgero hau ere bukatu zaigu Alazne eta bioi abuztuarekin batera. Erronka galanta izango zela ondotxo nekien hasi aurretik eta halaxe izan da, baina saiatu naiz gaurkoak eta gerokoak, lehenagokoak ere bai nahitaez, egunkari honetara ekartzeko lanean. Gustura bete dut eskaini zidaten tartetxoa eta pozik izango naiz norbaiti zerbait eragin badie esan ditudanek. Eskerrak ematea besterik ez zait geratzen.
Bukaerek bulkada sortzen digute pentsatzen hasteko, oro har hasteko, esango nuke nik, eta udara bukaerek berdin, beraz. Ederra izango da bukaera honetan ere berriz hastea.

GAUR GERO
Bukaeran hastea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu