Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Carrere d'Encausse-ren liburua

2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Aste honetan, jakin dugu Helene Carrere d'Encausseri eman diotela Asturiasko Printzesaren Gizarte Zientzietako 2023ko Saria. Pentsatuko duzuen bezala, Martxelo eta Maria, sariak berak ez dit pizten inolako interesik, baina Carrere d'Encausse andreak bai. Oso interesgarria da. Niri interes handia pizten dit, eta aste honetan artikulu hau aprobetxatu nahi nuke zergatik azaltzeko.

Kazetari hasi nintzenean, gogoa piztu zitzaidan jakiteko zer gertatzen ari zen Europa ekialdean eta Sobietar Batasunean —azkenean, munduko lurralde hori da denbora gehien hartu didatenetako bat—, eta, garai hartan, Helene Carrere d'Encaussek liburu bat atera zuen, bizia aldatu zidana, baita inguru hura ulertzeko modua ere: L'Empire éclaté (Inperio zartatua). Laurogeiko lehen urteez ari naiz, hots, SESB 1991n desegin baino askozlehenagoko garai batez. Obra hartan, Carrere d'Encaussek aurrea hartu zien denei, eta iragarri zuen Sobietar Batasuna desegin eta erori egingo zela; uste dut 1978an hark eta beste pare batek baino ez zeukatela ikuspegi hori. Liburua guztiz ikusgarria zen, sendo eratua, eta, gerora ikusi zen bezala, profetikoa ere bai.

Baina hona hemen bigarren partea, niri neuri ia lehenengoa adina interesatu izan zaidana beti.

Beste inork ikusi ez zuen zerbait ikusi zuen Carrere d'Encaussek: Sobietar Batasuna ustelduta zegoela barrenean, eta eztanda egingo zuela noizbait. Eta horrek meritu intelektual izugarria du. Hala eta guztiz ere, ez zuen batere asmatu nola gertatuko zen hori. Haren tesia zen Asia erdialdeko errepublika musulmanek leherraraziko zutela SESB, presio demografikoagatik; baina ez zen halakorik gertatu. Arazoa ez zen hori, eta ez da gaur egun ere. Hortaz, auzi nagusian, funtsezkoan, zailenean bai, asmatu zuen, baina diagnostikoa egiteko orduan guztiz okertu zen. Eta horrek zer pentsatu handia eman dit urteetan.

Azkenean, Jean Lacoutureren hitz ezagunei jarraituz, kazetariok ez gara pazientzia gutxiko historialariak baino. Eta, hortaz, historialariek darabiltzaten metodo eta teknologia asko erabiltzen ditugu guk ere, baita errealitateari aurpegi emateko modu bera ere, hein batean.

Horregatik baliatu naiz beti Carrere d'Encausseren ereduaz kazetari gisa pentsatzeko, ulertuz eta onartuz posible dela margolanaren hondoa ezin hobeto ikustea eta, aldi berean, xehetasunetan hanka sartzea. Hari gertatu zitzaion bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.