Handik eta hemendik

Dantza edo borroka

Imanol murua
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
AEBetako presidente baldin bazara, gerta dakizukeen okerrena bigarrenez ez aukeratzea da. «Legealdi bakarreko presidente» izenarekin geldituko zara historia osorako, lotsagarri, Jimmy Carter eta George Bush aita bezala. Bigarrenez aukeratzen bazaituzte, «bigarren legealdiko maldizioaren» mehatxupean aritzea dagokizu. Dena okerrago ateratzen zaizu bigarrenean, orain arteko presidente gehienen esperientziak erakusten omen duenez. Carter eta Bush zaharraren maldizioa gaindituta, bigarren maldizioa dagokio Obamari.

Hasteko, zerga amildegia du zain. Honezkero jatorrizko bertsioan ere iritsi zaizue Euskal Herrira: fiscal cliff. Datorren urtearen hasieran, Bushen garaitik datozen zerga jaitsierak bertan behera geldituko dira, Obamaren osasun erreforma finantzatzeko zerga berriak ezarriko dira, beste zerga batzuk ere igo egingo dira eta administrazioaren hainbat gastu moztuko dituzte. Horrek guztiak, zor federala jaisten lagunduko badu ere, ekonomiaren hazkunde apalaren atzerakada ekarriko duela diote ekonomialariek.

«Hobe dugu dantza egin, borroka baino», esan du Harry Reid nevadarrak, Senatuko gehiengo demokrataren buruak. Alegia, negoziazioen eta hitzarmenen garaia dela. Demokraten esku dago Senatua, baina errepublikanoen esku Kongresua: errepublikano batzuekin bada ere ados jarri beharra dute egitasmo nagusiak aurrera ateratzeko. Prezio altua jarriz hasi dira, ordea, errepublikanoak: zuk irabazi duzu, zorionak, baina gure politikak ezarri beharko dituzu, adostasuna nahi baduzu. Aberatsenek gehiago ordain dezaten zerga erreforma egitea, adibidez, ez omen dute onartuko. Obamak horretan ez duela etsiko erantzun du, boto-emaileek horretarako mandatu argia eman diotelakoan.

Lehenengo agintaldi osoa dantzan egin zuen Obamak, eta dantzan jarraitzeko eskatzen ari zaizkio establishment-eko ahots gehienak. Baina errepublikanoek jarritako doinuan dantzarik berriro ez egiteko eskatu diote beste askok. Paul Krugman Ekonomiako Nobel saridunak ez etsitzeko eskatu dio The New York Times-eko zutabetik: «Eutsi zureari, presidente jauna; traturik ez egitea hobea da tratu txar bat egitea baino». Ez dio eskatzen ez negoziatzeko, baizik eta 2010ean eta 2011n bezala ez negoziatzeko, baizik eta borrokatuz negoziatzeko, errepublikanoen errezetak bere horretan irentsi gabe. Eta urte hasierako amildegiaren beldur ez izateko. Ez omen da hainbesteraino izango. Michael Moore kazetariak gehiago eskatu dio: Wall Streeti eta bankuei ordainarazteko, Afganistandik tropak etxeratzeko 2014 arte ez itxoiteko, dronen bidez zibilen aurkako erasoak bertan behera uzteko, klima aldaketaren aurka neurriak hartzeko, hipoteka ordaindu ezinik daudenei etxea kentzea eragozteko. «Historia liburuetarako modukoa egin ezazu bigarren agintaldia». Historiaz mintzatzen da Oliver Stone ere Obamaz galdetzen diotenean. Donostian Zinemaldian ere esan zuen, eta oraintsu ere esan du: Obamari buruz pelikularik egiteko asmorik ez du, historia ez duelako aldatu, aurkariak haserretuko zaizkion beldurrez oso epel jokatu duelako.

Dantza egiten badakiela erakutsi du lehen agintaldian, borroka egiten badakiela erakutsi beharko du bigarrenean, eta bigarren legealdiko maldizioa ez dela beti betetzen, Oliver Stoneri pelikula bat egiteko aitzakia eman nahi badio. Nago Steven Spielbergek egin beharko duela azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.