Denbora berriak, itxaropen zaharrak

2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Euskal aberria ez da definizio abstraktua, ezta asmakizun politikoa ere. Euskadiri lotuak sentitzen diren milaka emakume eta gizonen itxaropenak biltzen dituen benetako jomuga da. Abertzale ororen egiteko nagusia da denon etxe hori topagune eta solidariotasun esparru gisa eraikitzea; ahulenentzako babes gisa; esparru ekonomikoa eta justizia soziala adiskidetzen diren toki gisa; eta norbanakoaren zein taldearen zoriontasun gosea eta aurrera egiteko nahia elkartuko diren lurralde gisa.

Nahasmen handiko denborak dira hauek. Balioak desitxuratu eta indargabetu diren eta konfiantza galdu den garaiak dira egungoak. Aldaketa denborak, eragile berrien denborak, jokabide okerrek gidatutako eskemak desagertuko diren denborak. Eta aurtengo urte hau, gainera, bereziki garrantzitsua izango da gure herriaren etorkizun politikoari begira. Hauteskundeak, barruko erreforma handiak erakundeetan, trantsizio politikoa erraztea bilatzen duten eragile berriak...Aukerak eta mehatxuak dira, euskal herritarroi panorama bizia eta bizigarria ekarriko digutenak. Eta ez bakarrik hurrengo hauteskundeak garrantzitsuak izango direlako. Hauteskundeak beti dira garrantzitsuak, eta are garrantzitsuagoak dira herritarren gehiengo zabala bere alde izaten jarraitu nahi duenarentzat. Hauteskundeak bereziki garrantzitsuak dira eragiten dituzten aldaketa sozial eta politikoengatik, beren ondorioek gizarte osoarentzat ekar dezaketen eraginagatik.

Euskal Autonomia Erkidegoan, esparru politikoan, talde abertzaleen indartzea eta indar espainiarzaleen atzerakada antzeman daiteke, eta lidergo politiko eta instituzionala lortzeko borrokak lekua utzi beharko du, herriaren etorkizunarentzat ezinbestekoak diren gaiek behar duten adostasun zabala izan dezaten. Hazkunde ekonomikorako bidera itzultzea; indarkeriaren orrialdea behin betiko ixtea —eragin dituen ondorioei ere behar bezalako erantzuna emanez—; eta marko politiko berria zehaztea —estatus berria— Euskadirentzako autogobernu maila handiagoa ekarriko duena izango dira oinarri zabaleko akordioak lortzeko hiru ardatz nagusiak —guztiz zilegiak diren ezbaiak alde batera utzita—. Akordioak lortzen zailak izan daitezkeen arren, derrigorrean bilatu beharko dira, denontzako aldi berri hoberako bidean ibiltzen hasiko bagara.

Nafarroan, beste aldetik, antzeman daitekeen ziklo aldaketak ez du parekorik orain arte bizi izan dugun historia osoarekin alderatuta. Hainbat urteren buruan, lehen aldiz, Erresuma Zaharrean euskalduntasunaren isolamendua eragin duen erregimena sostengatu duten indar politikoek betoa ezartzeko izan duten gaitasuna gal dezakete, erkidego haren eta euskal kolektibitate osoaren arteko irekitze eta hurbilketa denbora berrirako atea irekiz. Nafar emakume eta gizonen erabaki eskubideari zor zaion errespetua abiapuntu hartuta, espero dugu leiho hori hiritarren borondatez zabaldu ahal izatea, alde bateko eta besteko euskal herritarrak elkarri bizkarra emanda bizitzera kondenatu gaituen begizkoa apurtuz.

2015eko Aberri Egun honetan, euskal abertzaleok aurreikuspen horiei guztiei erantzuteko derrigorrezkoa dugu. Hazkundea, enplegua, bakea, bizikidetza, batasuna, askatasuna. Hitz horietan guztietan jarrita daude milaka pertsonaren itxaropenak, eta herritar horiek elkargo homogeneo eta ezagun gisa irauteko erantzunak exijitzen dizkigute. Egunez egun askeago izateko. Nazio izateko. Euskadi izateko. Gero eta gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.