Denon ardura

Izaskun Landaida Larizgoitia.
2014ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Emakumeen kontrako indarkeria kasu bat gertatzen den bakoitzean, zenbait galderen oihartzuna entzuten da gure gizartean: Zer egiten ari gara gaizki? Zer ez gara egiten ari? Zertan egiten dugu huts? Galdera hauek ez dute erantzun bakarra, emakumeen kontrako indarkeriarekin bukatzeko soluzio bakarra existitzen ez den bezala.

Emakumeen kontrako indarkeria gure gizartearen arazo estrukturala da, eta, horrekin batera, dimentsio askotarikoa, konplexua; beraz, ez dago soluzio bakarra, ez dago erantzun bakarra, alde askotatik heldu behar zaio arazoari, eta etengabekoa izan behar du lana.

Indarkeria mota horren sustraia emakume eta gizonen arteko berdintasun ezaren lurrean hazten da: gizarte batean zeinean emakumeek diskriminazioa jasaten duten, generoan oinarritutako botere harremanen pisua oso handia den, non emakumeen ahalmenak zalantzan jartzen diren, botere guneetan duten erabakitzeko eskubidea murritza den, eta abar eta abar.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borroka zelai horretan jokatzen da. Zelaia baino gehiago, askotan emakumeentzako zailtasunez eta arriskuz beteriko baso edo oihana dirudien batean. Beraz, egin beharreko lehen galdera da zein gizarte motatan bizi garen, eta konturatzea gizartearen balio eta sinesmen sakon asko aldatu ezean beti izango dugula emakumeen kontrako indarkeriaren arazo latz eta mingarria mahai gainean.

Zer ez garen egiten ari galderari erantzuteko, ondo dago hastea, zer egiten ari garen galderi erantzunez. Izan ere, herri honetan jende, erakunde, elkarte asko ari da lanean berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko. Eta ezin da ukatu aurrerapauso nabarmenak eman direla azken hamarkadetan askoren konpromisoari esker. Mugimendu feministaren lorpena izan zen emakumeen kontrako indarkeriaren eta berdintasunaren gaiak agenda politikoan sartzea, eta gaur, ezin da ukatu hainbat aurrerapen lortu direla: emakumeen kontrako indarkeria jada ez da gertakari isolatu bezala ikusten, gizarte osoaren arazo bezala baizik; indarkeria prebenitzeko hainbat ekimen daude martxan; erakundeak indarkeriari erantzun integrala ematen saiatzen ari dira, biktimak diren emakumeei modu koordinatu batean eskainiz poliziaren babesa, aholkularitza juridikoa, atentzio psikologikoa, laguntza ekonomikoak, etxebizitzarako laguntzak eta abar…

Emakumeei eman beharreko arreta eta haien babesa bermatzea ezinbestekoa da, eta horretan erakundeek ahaleginak egiten jarraitzeko konpromisoa dute, baina arazo hori ez da konponduko bakarrik emakumeak artatzen eta haiek babestuz, era berean berdintasun politikak bultzatzen eta indartzen ez baditugu: emakumeak ahalduntzen, gizartea kontzientziatzen, indarrean dauden eredu sexistak desagerrarazten, maskulinitate ereduak aldatzen, neska eta mutilen artean berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak sustatzen…Eta horretarako elkarlana behar da, gizarte osoaren ekarpena: erakundeak, hezkuntza sistema, familiak, komunikabideak, enpresak, herri-ekimenak… denek dute zer egin horretan, bakoitzak bere eremuan, bakoitzak eskura dituen tresnekin, baina denak dira beharrezkoak. Izan ere, denek pausoak eman ezean, zerk egiten duen huts galdetzen jarraituko diogu geure buruari aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.