martxelo otamendi

Banderak eskolako gelan

2024ko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun

Duela 50 urte arte, Hego Euskal Herriko eskola publiko askotan, letra ofizialik ez daukan Espainiako ereserkia kantarazten zieten ikasleei egunero, eskolako patioan ilaratan jarrita. Hego Amerikako herrialde askotan oraindik indarrean dagoen ohitura da eskola hasi aurretik ikasleek ereserki nazionala kantatzea.

Duela egun gutxi, Errepublikanoak taldeko Eric Ciotti diputatuak proposatuta, Frantziako Asanblea Nazionalak erabaki du derrigorrezkoa izango dela eskoletako gela guztietan bi bandera jartzea, Frantziakoa eta Europakoa, eta La Marseillaise ereserkiaren hitzak erakustea.

Ikasleek Frantziako balio patriotikoak barnera ditzaten, La Marseillaise erakutsiko diete eskolan; baita ere, etsaiari buruz ari dela, «bete daitezen odol lizunez gure errekastoak» dioen esaldi beldurgarri eta anakronikoa.

Onena, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren erreakzioa. Oihalezko milaka bandera jartzeagatik datorkion gastu ikaragarria ikusita, proposatu du oihalezko banderen ordez paperezko banderak itsastea gelako paretan.

Euskaldunok ez daukagu arazo hori; ez daukagu ez bandera, ezta ereserki adosturik ere. Eta edukitzen ditugun egunean, ez ahal zaigu bururatuko gure eskoletako gelak banderaz jostea.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.