Ohiko amarrua erabili du Frantziako Lehen ministro François Bayrouk gastu publikoan murrizketa handiak egin nahi dituela iragartzeko. Udan gaudela baliatu nahi izan du Bayrouk, ederki jakinda neurrien aurka altxatu litezkeen sektoreek —sindikatuek batik bat— zailago edukiko dutela herritarrak mobilizatzea.
Defizit publikoa arindu behar dela argudiatuta, murrizketa gogorrak egitea proposatu du Bayrouk: gizarte politiketan gutxiago gastatu, lanpostu publikoak murriztu eta pentsioak izoztu. Bada beste neurri bat, oraingoz iradokizuna besterik ez dena, guztiz berria dena eta inon aurretik hartu gabea: iradoki du festa nazional pare bat kendu eta bi egun horiek lanegun bihurtzea.
Bayrouk eskuinaren betiko errezetak proposatzen ditu betiko gaitzak sendatzeko, aurrez jakinda zeintzuk izango diren ondorioak; alegia, gizarte politiketan gutxiago gastatuko badu ekonomiaren piramidean beheko partean daudenei egingo die kalte, behar handiena daukatenei. Beste horrenbeste osasunean: gutxiago gastatzea erabakitzen badu, kaltea osasun aseguru pribaturik ez daukatenei ekarriko die.
Lehen ministroak ez du planteatu diru asko irabazten duten enpresei eta diru asko daukaten herritarrei zergak igotzea. Sindikatu nagusiek uda osoa daukate Bayrouren murrizketen aurkako mobilizazioak antolatzeko.