Asko aurreratu da azken hamarkadan, erakunde askoren lan egitarauetan txertatuta dago, eskoletan lehen ez bezalako garrantzia ematen diote, kanpaina publiko asko egiten dira, eguneroko agendan dago, gizarte talde sendo bezain aktiboak antolatu dira... Baina, beste gai askorekin gertatzen den bezala, asko geratzen da egiteko, eta, eguneroko errealitate krudelak etsipenerako atea zabalduagatik —118 emakume eta 12 haur hil dituzte 2003tik gure herrian—, atsedenik eta etsipenik gabe segitu behar dugu lanean.
Gizonezkook daukagu ardura nagusia, gu garelako jarrera hori daukagunok, gu gaudelako nagusiki erabakiguneetan, eta izua diogulako mendeetan pilatutako boterea galtzeari. Guri dagokigu iraganekoak desikastea eta orainaldikoak ikastea. Lantegietan, lanaren formakuntzaren barruan, ikastaroak egitea izan liteke bide eraginkorra.
Ausardia handiarekin, eta aurrelan handiarekin, deitu du gure herriko mugimendu feministak osteguneko greba orokorrera, gure herrian bakarrik egindako deia baita. Ikusi besterik ez dago zenbat atxikimendu jaso dituen azken asteotan. Duela urte batzuetako greba arrakastatsua mundu mailako deialdia izan zen, eta kanpotik berotuta etorri zen.
Zutabegile honek ere greba egingo du.