martxelo otamendi

Justiziaren zaplaztekoa Trumpi

2025eko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Itxaropen bakarra ziren AEBetako presidente Donald Trumpen gehiegikeriak eragozteko, eta, pixkana bada ere, ari dira itxaropena elikatzen. Epaitegiak dira, teorian behintzat, botere exekutiboaren eta legegilearen kontrapisua. Azken bi botere horietan herritarrek erabaki dute Trumpek agintzea, baina zailago dauka presidenteak togadunen eremuan agintzea.

Auzitegi federal batek, Nazioarteko Merkataritza Auzitegia esaten zaionak, erabaki du AEBetako konstituzioaren aurkakoak direla Trumpek muga zergak nabarmen handitzeko lasterketa eroaren hasieran Txinako, Mexikoko eta Kanadako produktuei ezarritako zergak. Erabaki berean, hiru magistratuek indarrik gabe utzi dituzte Askapenaren Egunean presidenteak ia estatu guztiei jarritako merkataritza zergak.

Trumpek hiru herrialde horiei muga zergak ezarriko zizkiela iragarri zuenean, kongresista demokrata batzuek salatu egin zuten Trumpek, konstituzioak ematen ez dion boterea hartuta, ezin zuela inolako erabakirik hartu muga zergen gainean, Kongresuari dagokiolako erabaki horiek hartzea. 

Justiziak arrazoia eman die legegile demokratei, oraingoz; auziak magistratu kontserbadoreek gehiengoa daukaten Auzitegi Gorenean bukatuko duelako.

Bi albiste garrantzitsu egun berean. Elon Muskek utzi egingo du Etxe Zuria. Hanpatutako bi oilar leku berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.