martxelo otamendi

M-1, sindikatuaren edo langileen eguna?

2025eko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urte osoa daukate sindikatuek beren izaera eta estrategia agertzeko, ekintza sindikalaren bidez nortasun propioa eta bereizia plazaratzeko: negoziazioak, mobilizazioak, grebak…

Ezinezkoa ote da sindikatuek deialdi bateratua(k) egitea Maiatzaren Lehenean, gutxienez erabakitzeko esparru propioaren alde daudenek? Urtean egun batez langileak elkarrekin goiburu baten atzetik jarri, eta langileen eskubideak murrizteaz gain sindikatuak ahultzen eta haien zeregina mespretxatzen duten horiei mezu indartsua bidaltzeko? Gure inguru politikoan gero eta indar handiagoa hartzen ari den eskuin muturraren oldarraldiari aurre egiteko, langile klase sendoa beharko da. 

Ariketa interesgarria litzateke atzoko manifestazio bereizietan parte hartu zuten langileei galdetzea zer iritziko lioketen datorren urteko Maiatzaren Lehenean beren sindikatuak deialdi bateratuan parte hartzeari. Afiliatu gabeko jende asko geratu zen atzo manifestazioetara joan gabe, sindikatu bakoitzaren manifestazioak izanda ez baitute beren burua behartuta ikusi nahi batekin edo bestearekin identifikatzera.

Ipar Euskal Herrian, horretan ere, bidea erakutsi dute, deialdi bateratua egin baitzuten atzoko manifestaziorako, eta dozena erdi sindikaturen ikurrak ikusi genituen manifestazioaren hasierako pankartan. 

Urtean behin sikiera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.