martxelo otamendi

Pase foral praktikoa

2025eko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Auzitegi Nagusiak gogoratu digu kolonia linguistiko bat garela, eta gure hizkuntza normalizatu eta garatzeko egitasmoek Espainiako Konstituzio murriztailearekin egiten dutela topo. Alegia, ondo dagoela hizkuntzaren aldeko lana egitea, baina marra gorria igaro gabe.

Oraingo honetan, udal legeari sartu diote guraizea, eta argi utzi dute euskarak ezin duela lehentasunik eduki gaztelaniaren aurrean. Alferrik dela udal batek erabakitzea euskaraz lan egin nahi duela, eta bermatuko diola harremanak gaztelaniaz edukitzea horrela eskatzen duten herritarrei. Ez. Dena bi hizkuntzatan.

Garai batean asko erabiltzen zen paseforala kontzeptua, alegia, Madrildik zetozen aginduak onartzen ziren baina ez ziren betetzen. Behin-behinean, errekortariak zezenarekin egiten duen bezala, udalek, zarata handirik atera gabe, izkin egin beharko diote epaileen erabakiari, eta, ahal duten neurrian, euskaraz funtzionatzen segitu. Pase forala, baina adabakia.

Zer egingo dugu epaileen erabakiaren aurka gaudela adierazteko egingo ditugun ohiko manifestazio eta elkarretaratzeen ondoren? Hurrengo erabaki murriztailearen zain geratu?

Legearen aldaketa ezin bada egin —PSEk ez dio utziko EAJri ezer egiten—, gatazkaren fasera igaro behar ote dugun pentsatzen hasi beharra dago. Erakunde bakoitzak erabaki beharko du gatazka tipologia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.