martxelo otamendi

Zer egin argitaratutako gezurrekin

2024ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun

Urte asko ez dela, hiriburu bateko alkate batek oso haserre deitu zion euskarazko egunkari baten zuzendariari «gezurretan aritzea» leporatuta. Egunkariak, okerreko informazio baten ondorioz, alkatea egon ez zen leku batean jarri zuen. Zuzendariak lan handia eduki zuen delako alkate suminduak akatsaren eta gezurraren arteko aldea uler zezan, haserreak ez ziolako azalpenik entzuten uzten.

Komunikabideen jardunean askotan nahasten diren kontzeptuak dira akatsa eta gezurra, berdinak direlakoan. Akatsa, larria izan arren, informazio okerra nahi gabe argitaratzea da. Gezurra, aitzitik, nahita argitaratzen da, oso ondo jakinda ez dela egia. Akatsa zuzendu egin behar da, hain zuzen ere, zuzentzeak ematen diolako sinesgarritasuna komunikabideari. Gezurra ezin da zuzendu, asmo zitala aitortzea izango litzatekeelako.

Beti argitaratu dira gezurrak komunikabideetan, baina orain joera hori biderkatu egin du digitalizazioak, oso merkea izanda, edozeinek sor dezakeelako orrialde bat. Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek sortutako krisiak azalera ekarri du, beste behin, gezurrei muga jartzeko eztabaida. Lur labainkorra.

Zer egin behar da lurra laua dela dioen komunikabide batekin? Itxi? Ez. Eta droga salmentarekin loturarik ez daukan pertsona batengatik droga kartel bateko burua dela dioen komunikabidearekin? Zigor kodea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.