Deseskalatzen

Izaskun Bilbao Barandica.
2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Iragan den urriaren 4an kataluniar prozesua, ofizialki behintzat, «estatu kide baten barne gaia» izan dena, indar handiz sartu zen Europako Parlamentuko osoko bilkuraren eguneko aztergaien artean. Lorpen horrek zerikusi handiagoa du Espainiako Gobernuaren aldrebeskeria eta baldarkeriarekin eta estatu horrek dituen Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak baliatutako neurrigabeko indarkeriarekin, Generalitatearen Kanpo Ekintza zerbitzuaren trebeziarekin baino.

Istiluen kontrako poliziak hiritar baketsuak astintzen zituela ikusi dugu, eta irudi horiek Europari argi eta garbi transmititu diote estatuko agintariek zer-nolako sinplismo eta erlatibotasunarekin erantzun dioten erabat zilegi eta baketsua izan den aldarrikapen politikoari. Sinplismoa aipatzen dut, aurrean zuten auziari ezin zitzaiolako eman zaion baino trataera okerragoa eman. Erlatibotasuna, poliziaren jardun hori eta ustez «legezkoak» ziren beste neurri batzuk argudiatzeko erabili dituzten zioak benetan ahulak direlako eta ez dituztelako oso toki onean uzten, legea eta errespetua aitzakiatzat hartuta, indarkeria hori beren jarrera justifikatzeko erabili duten horiek.

Horregatik, hain zuzen, esku hartze hura Europan ia aho batez izan zen gaitzetsia, Frank Timmermans Holandako presidenteorde eta EBn zuzenbide estatuaren egoeraren batzordeko arduradunaren jarrera beldurti eta konplexuz betea alde batera utzita. Gehiengo baten jarrera nire taldeko presidente Guy Verhofstadtek esandako esaldi batek laburbiltzen du: «Ezin da legearen kontra egin eta ezin da legetik kanpo gobernatu, baina soilik legearekin ere ezin da zatiketa egoera gainditu». Hau da:ezinbestekoa da elkarrizketa politikoari ekitea, arazo politiko bat konpontzeko.

Baina horrek ez dizkigu ahaztarazi behar proces-aren azken fase honi ekiteko erabili zen prozedurari egin zaizkion ohartarazpenak. Argi bezain garbi geratu baitzen Europako estatuek eta are gutxiago europar erakundeek alde bakarretik eginiko independentzia adierazpenari ez diotela ulermenik eta are gutxiago aitorpenik eskainiko, aldarrikapen horrek gutxienez hauteskunde erroldaren %50eko babesa jaso ezean. Azkenfinean, Tajani presidenteak esanzuenez «ezinbestekoa da elkarrizketa ahalbidetuko duen hausnarketa sakona egitea».

Jarrera eraikitzaile horiek, aspaldian behintzat progre eta moderatu zeritzon prentsaren aldetik ere eskaini ziren irain saldo eta konponbide belenestebanistekin konparatzen baditugu, argi eta garbi ulertuko dugu heldu garen egoera honetara nola iritsi garen. Lehenengo eta behin, Espainiako establishment-aren zati handi batek ez duelako aniztasun printzipioa ulertzen. Horri lotuta daude estatu bat gaur egun eta etorkizunean izango dena ulertzeko dituzten ideia zaharkituak. Eta, jakina, erabateko ezintasuna dute gustuko ez dituzten errealitateak onartzeko. El País egunkariak argi eta garbi informatu zuenez «Estatuak indarrez eragotzi du erreferendum ilegala», baina, egun hartan erabilitako basakeriarekin ere, hautestokien %5 baino ez zuten ixtea lortu eta bi milioi herritarrek Espainiako inteligentzia osoa burlatu zuten hautetsontzietan eta boto orriekin bozkatzea lortu zuten.

Generalitateak joko-mahai gainean kartak zabaldu ditu eta azken hilabeteotan izan ez zuen aukera dauka orain. Puigdemont presidenteak lehen mugimendua egin zuen deklarazio etetearekin, eta, nire ustez, arazo hau beste bide batetik bideratzeko atea zabaldu zuen. Europako agintariek egoera baretzeko hobesten duten bidea. Ea zein den beste aldetik emango dioten erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.