Mundu-bazter epel batean bizi gara. Euria egiten du, baina gure paisaia atlantikoenaren berde famari eusteko era neurritsuan. Egunak eta gauak, eguzkiaren eguneroko jirak eta argiaren iraupenak gure premien luzera bera dute. Oparia bailitzan hartzen dugu elurraren bisita, eta traba egiten hasterako, urtu egiten da. Haizeak gutxitan eta dosi txikitan zoratzen gaitu. Ez dago hozbero aldaketa sekulakorik urtaro batetik bestera. Itsasoa zakartzen denean, ez da hondamendi itzelak eragiteko lain izaten.
Klima eskuzabal portatzen zaigula, alegia.
Baina albistegiek-eta eguraldiari eskaintzen dioten denborari erreparatzen bazaio, ez du ematen toki pribilegiatu batean bizi garenik, ez daukagula kezkatzeko motibo apartekorik. Gezurra badirudi ere, munduko albiste guztien iraupenaren neurria hartzen ari da eguraldiaren informazioa. Agian munduko miseriei bizkarra erakusteko beste modu bat gehiago da gure egurats inbidiagarritik.

HITZ BESTE
Desoreka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu