Udako ordu nagiei etekinik ateratzeko batere trenpurik gabe banengoen ere (orduok horregatik dira nagiak), frankismoari buruzko zerbait entzun diot irratiari, eta pentsatzen hasi naiz denok ere gero eta gehiagotan baliatzen dugula frankismoa hitza, diktadura, faxismoa edo autarkia bezalako hitz durunditsuen —eta, oroz gain, guztiz zehatzen— kaltetan. Pertsonaren izena haren akzioaren gainetik lehenetsiz —faxismoari frankismoa deituta— humanizatu egiten dugu diktadorearen jarduna eta gizaki arrunten neurrira ekartzen.
Hausnar horren aire beraren usnan: bentzutuak izan diren diktadurek ez dute diktadorearen izena gorde —inork ez du hitlerismoa edo mussolinismoa esaten—; diktadorea ohean lasai bapo hil arte iraun duten diktaduren kasuetan, ordea, diktadorearen izenarekin izendatzen da haren Erregimena: estalinismoa, kastrismoa, titismoa, frankismoa…
Zer pentsatua —eta zer esana— ematen du.
Hitz beste
Diktadura leuntzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu