Joan den irailaren 10ean, Donostiako Miramar jauregian aurkeztu zuen bere proposamena Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiak; hark berak esatera, «Kutxaren eta Kutxabanken gizarte izaera publikoari bere hartan eusteko proposamena» da. Lehenik eta behin, esan dezadan Martin Garitanok gutxietsi egin duela, berriro ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoko herri ordezkaritza gorena: Batzar Nagusiak. Proposamen hori parlamentuaren egoitzan aurkeztu beharko zukeen, erakundearekiko errespetuz, Gipuzkoako gizartearen ordezkari politikoen aurrean. Foru Aldundiak Batzar Nagusietan eman behar du bere jarduera eta proposamenen kontu. Bestalde, nabarmendu nahi dut berandu datorrela Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamena. Kutxako Zuzendaritzan hasia dute Kutxa erakundea Banku Fundazio bihurtzeko prozesua. Batzar Nagusietako taldeek —Bilduk izan ezik— egina dute etorkizuneko banku fundazioko patronatukideak izendatzeko proposamena, eta, hain zuzen ere, prozesua aurrera egiten ari delarik, hara non atera duen Garitanok beste proposamen hori bere kapela barrutik. Eta, alderdi formalei dagokienez, beste kontu bat ere nabarmendu nahi dut, alegia, ezin ulertuzkoa dela Aldundiaren proposamenak oinarri duen txosten juridikoa ez izatea Gipuzkoako Foru Aldundiko zerbitzu juridikoek —ospe handiko horiek— egina, baizik eta abokatuen bulego pribatu batek, gipuzkoar guztion diru publikoaz ordainduta. Horratx pribatu bihurtu zerbitzu publiko bat, juridikoa! Argi eta garbi dago, alderdiko txosten bat nahi zuen ahaldun nagusiak.
Baina ez ditut aipatuko alderdi formalak bakarrik. Proposamenaren mamia izendatzeko, zentzugabekeria izenondoa iruditzen zait egokiena. Oraindik ulertu ezinda nabil erakunde publiko batek nolatan egin dezakeen halako burugabekeriarik. Bilduren proposamenean bada ganga-giltzarri bat: Kutxak Kutxabanken dituen akzioetatik —%32 ditu, eta 1.500 euroren balioa dute— doako transferentzia bat egitea Gipuzkoako udalerrien eta Foru Aldundiaren alde.
Lehenik, nabarmendu behar da gure antolamendu juridikoan dagoela galarazia Bilduren proposamena. Kontuan izan behar da gizarte erakunde pribatu bat dela Kutxa, haren Estatutuetako 1. eta 2. artikuluetan jasota dagoenez, eta, kreditu erakunde gisa, modu zeharkakoan garatu behar du bere helburua. Hori kontuan izanik, bada, Kutxak ezin du dohainik eman bere ondarea, administrazio desleial bat egingo bailitzateke eta zehapen bat bailekarke zigor eta administrazio alorrean. Halaber, sortzez Aurrezki Kutxa izaera duen erakunde batek ezin du dohaintzan eman bere ondarea, ezpada bere gizarte helbururen baterako (Gizarte Egintza). Eta proposaturiko dohaintza hori —Gipuzkoako Foru Aldundiari eta udalerriei eman beharrekoa—, argi eta garbi, ez daiteke har Gizarte Egintzatzat.
Beste ikuspegi batetik, Integrazio Kontratuan legoke galarazia Garitanoren proposamena: alegia, kontratua ez betetzea esan nahiko luke, ezin baita akziorik eskualdatu beste akziodunen baimenik gabe.
Ondorio gisa, nabarmendu behar da lege iruzur erabatekoa dela Gipuzkoako ahaldun nagusiak proposaturikoa, itxuraz legezkoa dirudien jokaldi oso bat proposatzen baitu Kutxa ez dadin bihur Banku Fundazio. Nabarmentzekoa da, halaber, Bilduren proposamena aurrera eramanez gero bai Espainiako Kutxak bai Eusko Jaurlaritzak dagokien erantzukizuna galde diezaieketela Kutxako administratzaileei.
Azken batean, diru publikoaz ordaindutako zentzugabekeria bat.
( Erredakzioan itzulia )
Diru publikoaz ordaindutako zentzugabekeria bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu