Anjel Lertxundi.
HITZ BESTE

Ebokatzen

2016ko abenduaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Igandean argazki eder bat ikusi nion berripaper honen edizio digitalari. Begiratu batera, garoak-eta bezalako fosil begetal zuri batzuen harlauza zoragarriren bat ematen zuen irudiak. Ez zen, ordea, landare fosilen izara bat, Saharako duna batzuen orografia elurtu berria baizik. Bertakoek basamortuaren ataritzat jotzen duten lekuan ba omen zen mende erdi ez zuela elurrik egiten. Mende erditik gora elurra gaur baino oparoago egiten zuen gure paisaian ere, haurtzaroan, Gabonetan, gure begi liluratuetan.

Satelite batetik hartua da aipatu argazkia, oso goitik; elurrak, ordea, oso sakonetik eragiten dio nostalgiaren giltzari. Ebokaziorako, haren falta sumatzea bezalakorik ez: mara-mara gogoratzen dugu memorian pausatzen, grabitazio-legearekin lehian bezala ia. Egun argitsu hauetan nork ez du galdetu non diren antzinako elurrak, orain bostehun bat urte Villon poetak egindako galdera nostalgiko huraxe: «Mais où sont les neiges d'antan?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.