Patxi Larrion Galdeano.
ELE

Ega bizirik

2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Baztangolagun baten deia jaso dut, lehortea dute, anitz iturri agortzear, gurean ez da horren larria, kontu kontari aritu gara eta gogora ekarri diot lehorte harena.

Gazte saldoak utzi zuen Arroitz herria 1949an, hura lehortearen urtea izan zen Lizarraldeko herri horrentzat, gazteek eskualdearen iparrera, Araba eta Gipuzkoa aldera jo zuten, gehienak ez ziren sorterrira itzuli. Geografiak erauzi zituen Arroitzetik, besteak beste Ega ibaia hur ez zelako.

Egak ardaztu ohi ditu ez labore gutxi eskualdean. Ibaiaren emaria Urederra-Lokiz binomioak bermatzen du. Egun bestelako erauzketak gertatzen dira inguruko herrietan, Lokizko akuiferoak, maiz baimenik gabe, ustiatzen ditu Ebroko Ur Konfederazioak. Hona Kapitalaren jokamoldeetako bat, lanak hasi eta inbertsioaren garrantzia argudiatuta baimena erdietsi.

Murieta eta Antzin dira ur erauzketa hauen kontra antolatu diren herrietako bi, udal politikak afera hauetan du garrantzia, noiz hautagaitzak gisa horretako arazo bati aurre egiteko sortu baitira, azken batean komunitateak bizirik iraun dezan sortu dituzte.

Joan den urtean, uda-minean. AEBko lehendakaria Groenlandia erosteko aukeraz mintzatu zen, ez zen adarjotzerik adierazpen horietan, gainera aitzinetik egina dute, 1867an Errusiari erosi zioten Alaska. Adierazpenaren ondotik sortu kalapitak oihartzun handia izan zuen. Ongi da, betiere, fokua Groenlandian jartzen duten bitartean, erdi ezkutuan gertatzen dira etxean bertan ditugun Lokizko akuiferoen ur erauzketak.

Abuztu honetan ere ondoan izan dut Urederra, Ega bizirik mantendu dadin ezinbesteko ibaia dena. Aio, irakurle, lehortea heldu da enetzat, ea Baztanen larre zafratu horiek desagertzen diren. Bai, berriz leitu behar dut Bearen artikulua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.