Eguberri, solstizio... edo zer?

2015eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Joan den azaroan, Bartzelonako Udalak alternatiba teoriko bat proposatu zuen Eguberrietako jai tradiziozkoen aldean: neguko solstizioaren ospakizun bihurtzea, eta duten sinbolismo sendoaz gabetzea. Berehala, ordea, Ada Colau alkateak atzera egin zuen bere ausardian, eta beste ideia bat proposatu: Hola Nadal kanpaina; haren ustez, Eguberrietan badira sinesmen eta pentsaera guztietan ageri diren balio batzuk, eta horiexek nabarmendu beharko lirateke kanpaina horretan. Lehen ideiaren bidez, jai espazio berri bat sortuko litzateke, sinbolikoki neutroa (solstizioa); beste ideiaren bidez, tradizio kristauaren alderdi komuna landuko litzateke. Alternatiba interesgarria, eta aztertzeko modukoa: jai kristau batek har al dezake bere barruan gizarteak gero eta handiagoa duen aniztasun erlijioso eta ideologikoa? Nola?

Argi dago: gain-gainean dugun garai honetan, Euskal Herriko pertsona askok eta askok ez dituzte ospatuko Eguberriak, beren sinesmen erlijiosoak direla eta. Jesusen garrantzia eta figura onartuagatik ere, budistek eta musulmanek ez dute ospatzen Eguberririk. Eta beste askok eta askok, hala nola ebanjeliko eta ortodoxoek, ospatu egingo dute, baina gure gizartean gailendu den tradizio katolikoaren guztiz bestela. Eta laizista askori arrotz egingo zaio jai erlijioso hori, apur bat erasotzailea eta behartua iruditzeraino besteren dogma hori.

Ez da komeni ahaztea, nolanahi ere, mendeetako tradizio deritzogun hori aspalditik dela nahas-mahas eta hibridazio halako bat: Olentzerok tximinian gora egin ohi du, Bizarzuririk petoenaren tankeran, eta emaztea ere badu. Bilboko Zazpikaleetan, ostatu mexikarrak antolatzen dituzte, gozo eltze eta guzti, eta Errege magoen desfilean suhiltzaileak ere ibiltzen dira, oso Eguberrietako ez izanagatik. Etengabe asmatzen eta berrasmatzen da tradizioa.

Egia da, halaber, beste edozein ospakizunek bezala, Eguberriek badutela kontsumoaz gain beste alderdi sozial bat ere: truke eta konpromisoen sare bat, auzo eta senideen arteko harremanen sare bat, ilusio piztaileak bezain gogaikarriak, norbere ikusmoldearen arabera. Halako ospakizunen bidez, gizarte gisa berregiten dugu geure burua, eta, alde horretatik, gizartearen berregite horretan datza haren unibertsaltasuna. Zer garrantzi daukan edozein giza talderentzat halako erritu edo jai batzuk ospatzeak, non nahas-mahasean ageri baitira behin eta berriro osagai erljioso, pagano eta moderno etengabe berrasmatuak.

Batetik, errituaren unibertsaltasuna; bestetik, kultur aniztasuna. Nola egin bateragarri halako errealitate bi? Batetik, solstizioaren proposamena: sortzea zenbait espazio, non beste ospakizun batzuk sartu ahalko baitira, behin hura bere osagai kultural eta erlijiosoz artifizialki gabetu (indargabetu) eta gero. Halako politika batek zerikusi handiagoa izango luke Baumanek ingeniaritza politika edo gizarte arkitektura zeritzon harekin. Eraginkorra den, zalantzazkoa: nekez indargabetu daiteke sinbolikoa dena.

Bestetik, proposamen hau: onartzea, egiaz, gizarteko kultur eta erlijio aniztasuna. Horrek esan nahiko luke espazio publikoan edozein ospakizuni toki egitea baldintza berberetan. Horrek esan nahiko luke, halaber, gizartearen memoria kolektibora gehitzea, haren erakundeen bidez, kultura eta erlijio askotariko horien kontakizunak, mitoak eta sinboloak. Eta naturaltasun osoz onartzea denborarekin ospakizun eta tradizio gehiago sortuko direla, desberdinen arteko nahasketa, topaketa eta komunikazio horren ondorioz.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.