Ez dugu askotan elkar ikusten, baina gordeta dauzkagu urtero zita gutxi batzuk: Gernikako jaietako bezpera eguna da bat. Esandako lekurantz gindoazen ahizpa eta biok; esandako ordua baino minutu batzuk beranduago. Gure aurretik neska gazte kuadrilla bat. Denak antzera jantzita, jaietako zapia gerrikoa balitz bezala lotuta, eta sandalia fin-finekin. Ia batere zola gabekoekin. Ahizpak seinalatu egin zizkidan sandaliak disimuluan, eta esan zidan gau osoan ibili nahi duenak ezin duela haiekin aguantatu. Guk 16 urte genitueneko garaiak gogoratzeko esan nion, nola joaten ginen gu ere aguantatzen ez genituen arropa eta apaingarriekin, besteak ere halaxe zihoazelako bakarrik. Nola aguantatzen genuen udako jaietan bota beltz handien pisua, eta nola pasatzen genuen negua artilezko jertse inuzente batekin. Eta gu ere seinalatuko gintuzten kalean. Gu baino zaharragoak ez baitziren horrela joaten ez neguan ez udan, baina gu bai. Moda hori zen, eta antezko txupa haiek ez zuten gorputza batere berotzen, baina orain baino negu gogorragoetan haiekin joaten ginen autobusera goizeko 07:00etan.
Ez, gu ere ez ginen hain desberdinak. Askoz gehiago irakurtzen genuela eta konprometituagoak ginela esaten dugu, eta baliteke. Baina, agian, ez da egia. Batzuek irakurriko genuen, beste batzuk konprometituko ziren, baina oraingo moduan. Orain ere badira, nik orain hogeita bost urte baino askoz gehiago irakurtzen dutenak eta nik inoiz izan ditudanak baino konpromiso handiagoak dituztenak. Ez dira guztiak, baina lehen ere ez ginen guztiak. Adibiderako jarritako egunean, adibidez, ahizpa eta biok bakarrik joaten ginen gauean txosnara txandak egitera, edo han elkartzen garenetako askok ez dute ez lehen ez orain irakurtzen. Eta lehen denok berdin janzten ginen, eta orain ere bai. Ez erabat berdin, baina gehienak umeak esplotatzen dituzten dendetara joaten dira jaietarako kamiseta zuriaren bila, eta, azkenean, hiru xehetasun kenduta, denok joaten gara berdin. Eta denok egiten diegu barre gure inkoherentziei, badakigulako hurrengo urtean errepikatu egingo ditugula. Eta izango da gu baino konprometituagorik gauza horietan, eta izango da inkoherentziarik duenik ere kargutzen ez den jendea. Lehen eta orain, zaharrak eta gazteak.
Ez baita justua duela hogei urtekoa idealizatzea. Gutxik egiten dio nerabezaroan edo gaztaroko lehen urteetan artaldeari ihes.