Betiko buelta egin eta betiko terrazan eseri zara. Marianitoa hartu duzun bitartean gero eta turista gehiago datozela pentsatu duzu. Gorroto dituzu etxebizitza turistikoak egin eta egin ari direnak. Laster ez da herrian bizitzeko aukerarik geldituko. Nazkatuta igo dituzu etxeko eskailerak, baina zuk ere dirua bazenu, amonaren etxea turismorako egokituko zenukeela pentsatu duzu. Albistegiak tripak nahastu dizkizu, baina auskalo nondik ekarritako xerra bi bota dituzu platerera. Zuk ere erosiko zenuke janaria azokan, edo herriko denda txikietan, baina horretarako zuk ez dituzun gauza bi behar dira: denbora eta dirua. Jan eta gero siesta. Uztailekoak ederrak izaten dira: Tourreko helikopteroaren tor-tor-tor lasaiarekin lo. Begiak ireki dituzunerako Instagramen sartu zara lagunen oporrak nola doazen ikusteko. Ez diezu ezer txarrik desio, baina kaka pirriek eta azal gorriek ez dizute penarik ematen. Kuadrilla osotik bi baino ez zarete aurten karbono aztarnarik sortuko ez duzuenak. Ez da erabaki ideologikoa izan, baina ekonomiak etxean gelditzeko agindu dizue. Iluntzean garagardo bat hartzeko geratu zarete, eta mundu guztiarengatik kristorenak esateko aprobetxatuko duzue momentua. Bat eta bestea esaten dizuete, baina gero autokarabanarik ez duena Indonesiara joan da, eta hegaldirik ez hartzea erabaki duena Europari buelta ematen ari da trenez, edo sekula ikusi ez duen osaba ezagutzera joan da San Frantziskora. Eta zuek hemen. Neguan barruan eta udan kanpoan eserita, baina beti taberna berean. Merkealdiko kartelak ikusten dituzue erakusleihoetan, baina Txinako inperio handietan merkeegi erositako gauzak erakusten dizkiozue elkarri. Hori ere ez da erabaki ideologikoa, baina zuek ere, besteen moduan, armairua beteta eduki nahi duzue. Uda ederra dela esaten dizutenean poztu edo haserretu egiten zara egunaren arabera. Lanik egin beharrik ez dagoenean etxean ere ez da bat gaizki egoten, baina mundu modernoan nor gelditzen da etxean? Eta mundu guztiak egiten duena hori bada, ez zara justu zeu errudun sentituko janari eta arropa merkeak erosteaz, edo nonbaitera joan nahi izateaz, edo aukera duzunean joateaz. Zeure buruari esaten diozu zuk bakarrik ezin duzula mundua salbatu. Are gutxiago manifestazioetan zurekin egon den jendea Coca-Cola edaten ari bada txosnetan.

Kontsolamendua
Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)
Ordenatu