Iritsi da beroa. Aurten haren falta igarrita zeuden udatiarrak, baina behin etorrita, markagailuak lehertu egin ditu. Uztail osoa muturtuta pasa duenik bada; eta orain, ez dakit nola esplikatu jendeari euri gutxi egin duela. Batzuk ernegatuta daude ezin izan dutelako hondartzaz gozatu, beste batzuek esaten didate ea orain non dagoen klima aldaketa eta nik diot lurra lehor dagoela. Begiak zabal-zabal eginda gelditzen zaizkit azokako mahaiaren beste aldean. Ordea, bai: ez du behar beste euririk egin. Neguan bota du, udaberrian bota du, baina uztailean bota duena ez da nahikoa.
Aspaldi joan omen zen baserritar bat kostaldeko herri batera, eta han portuan lotuta hainbat itsasontzi ikusi omen zituen. Baserritarra itsasora begira gelditu zela esaten du gure aitak. Uda izanik ur harekin guztiarekin zenbat lur bustiko lukeen kalkulatu nahi izan zuen, antza. Etorri omen zitzaion gizon bat eta, baserritarrari pobre itxura hartuta edo, harro galdetu omen zion: «Ba al dakizu zuk hemen lotuta dauden itsasontzietako bakar batek zenbat balio duen?». Baserritarrak ez zeukan erantzunik, noski, baina laster erantzun omen zion: «Eta ba al dakizu zuk Santiago egunaren inguruan euria zarra-zarra egiteak zenbat balio duen? Ez legoke dirurik ordaintzeko!».
Aurten ere falta zaigu uztailaren amaierako euritza, eta lehenengo beroaldian lehortu da lurra erabat. Kaletarrei esplikatzeko gauza zaila da, hala ere. Hondartzarako onak ez diren egun guztiak ez dira baratzerako onak. Guk ere behar dugu beroa neurrian eta behar dugu euria zarra-zarra egitea noizean behin. Ez digu langarrak balio, zirimiria ere alferrik da gehienetan, inetazia arriskutsua da, harria kriminala, euria goian-behean intentsitatearen arabera ez da hain ona, eta behe-laino bustiak gorrina baino ez dakar. Baserritarrok euria zarra-zarra maite dugu. Noiz edo nola egiten du hori, ordea? Esplikatzen ez dakidan gauza bat da. Esaten asma dezakedan bakarra da, aspaldion ez duela egin, eta guk behar dugula. Zaratan eta lurrak botatzen duen usainean igartzen dugu noiz ari den euria zarra-zarra, eta baserritarrak esan zuen moduan, ez dago euriak lur beroaren kontra ateratzen duen lurrunak eragiten digun lasaitasuna ordaintzeko dirurik.