Zer atxikiko dugu azken departamendu boz hauetatik? Bikote mistoak aukeratu izana, jakina, bai eta Pirinio Atlantikoetan eskuina ezkerrari gailendu izana ere. Eta, duda izpirik gabe, EH Bairen emaitza paregabea. Koalizio abertzaleak, izan ere, jasoak ditu 70eko hamarkada amaieraz geroztik militanteek izaniko inplikazio luze eta iraunkorraren fruituak, militante horiek (legebiltzarrerako, kantonamenduetarako eta udaletarako hauteskundeetako hautagaiak) ez ikusiarena egin baitzioten porrotari. Hautesle gehien-gehienek luzaroan ez dute ikusi ezkerreko nazionalismo «arriskutsu» bateko kideak besterik, ikastolak, autonomia eta independentzia defenditzen zituztenez gero, edo, bestela, ETAren edo Iparretarrak taldearen akolito hutsak iruditzen zitzaizkien. Hautagai abertzaleek beldurtu egin dituzte luzaroan boz-emaileak, eta eurek berek pizten zuten mesfidantza nozitu dute. Pixkanaka-pixkanaka egoera aldatu da, ordea, udal kontseilari abertzaleak hautaturik lehenik eta Jean-Michel Galant eta Alain Iriart hautaturik ondoren; Baigorri eta Hiriburuko kantonamenduetan gailendu ziren horiek, 2001ean Galant eta 2008an Iriart.
Borroka armatua bukatu zenetik hiru urte eta erdi igaro direlarik, zerua argitu zaio EH Bairi. Pixka bat Baiona-Angelu-Miarritze hirigunean, baina herri txikietan batik bat, Ziburun, Donibane Lohizunen eta Hazparnen, esaterako, Euskal Herri barnealdean. Herritarrak nekatuta daude «aferekin», eta, gaur egun, Frantziako alderdi tradizionalek (PS, UMP, Zentroa) nahiko lan dute herritar horien laguntza atzemateko. Badirudi klase politikoari ez zaizkiola axola herrialde sakoneko zailtasunak, eta Fronte Nazionalak hortxe izaten ditu emaitzarik hoberenak. Espezialista batzuek «Frantzia periferikoa» esaten diote herrialdeari, zeina urrundua baita Paristik, Ile-de-Francetik eta probintzia metropoli handietatik. Muturreko periferian, Euskal Herria, elkarte sareek osatua, salbuespen gisa hartua da, zeinak aurre egin baitio beheraldiari; hain zuzen, bere identitate kolektibo indartsuari, jatorrizko kulturaren inguruan mobilizatzeko duen gaitasunari eta behin eta berriro egin dituen aldarrikapenei esker, hala nola lurralde kolektibitate berezi baten sorrera.
Adibidez, FNren aurrean, Alain Iriart berriz aukeratu dute bere lurraldean, Hiriburuko kantonamendua izandakoan (hautesbarrutia aldatuta, Errobi-Aturri), non frontistei erabat gailendu zitzaien (botoen %78,05), aurreko kargualdietan ikasitakoari esker. Donibane Lohizunen, berriz, botoen %45 lortu zituen Peio Etxeberri Aintxart eta Leire Larrassa bikoteak, eta balentria izan da hori ere, UMP alderdiaren aurka irabaztea —ahulduta dago hura, barne zatiketen ondorioz—. Euskal Mendialdean (Baigorri-Garazi, Atharratze-Maule) Antton Kurutxarrik eta Leonie Agergaraik irabazi dute, botoen %42,87rekin, eta Xabi Larralde eta Anita Lopepek Amikuze-Bidaxune-Oztibarre eremuan, botoen %38,14rekin —departamenduko presidente berria ez zuten aukeratu lehen itzulian—. EH Baiko hautagai askok bazituzten udal funtzioak, eta lagungarri izan zaie. Departamendu bozak, izan ere, gertukoak dira, nahiz eta kantonamenduak—1789an sortua— galdua duen Frantziako lurraldean zuen ikusgarritasuna, XX. mendean izaniko migrazio mugimendu handien ondorioz: landakoen exodoa, herrien eta giro erdi urbanoko tokien garapena.
Pirinio Atlantikoetako Departamenduan eskuina gailendu da (27tatik hamaseitan); Biarnon, esaterako, espero baino babes txikiagoa izan du ezkerrak. Presidente zentrista berriak, Jean-Jacques Lasserrek, mendekua hartu dio Georges Labazee kargudun biarnesari (PS), ez baitu gonbidatu Pauera, Nafarroako Parlamentuaren biltzar berriaren ezartzera. Bi senatariek izango dute, halere, elkar ikusteko aukera Luxenburgoko jauregian, Parisen...
(Erredakzioan itzulia)
EH Bairen aurrerapauso handia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu