Elefante grisa

BERRIA.
2015eko abenduaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken hauteskundeetan, berriaren eta zaharraren arteko zatiketa agertu da, lehendik erdialdearen eta periferiaren artean eta kapitalaren eta lanaren artean zeuden zatiketekin batera. Lehendik datozen bi gai horiei, hain zuzen, ez zitzaien egiazko konponbiderik eman Espainiako trantsizioan; orain sorturiko gaia, berriz, politika tradizionalarekiko desatxikimenduak ekarri du—eredu neoliberalaren alternatiba ez direnen kudeaketa jotzen dugu politika tradizionaltzat—. Hala, bazirudien bi alderdiko sistematik alderdi askotako sistemara pasatzen ari ginela, lau talde handi izango zirela; haietatik hiru, statu quo zilegitzearen aldekoak. Ordea, politologia aplikatuko laborategi baterako hobea den jokaleku bat ekarri du hauteskundeetako kapritxo aritmetikoak. Jokaleku korapilatsua da, arrunt bihurria, eta irabazteko gutxien zuena, hau da, Podemos izan da azkenean, paradoxaz, onuradun nagusia. Hala, posible da gobernuak PPk edo PSOEk osatzea, baina ez dirudi oso litekeena denik. Badirudi hauteskunde aurreratuak izango direla. Nolanahi ere, hala izatea litekeena den arren, beste bipartidismo bat ekarriko luke: boto baliagarria, eskuinean, PPn bilduko litzateke, eta ezkerrean, Podemosen.

Dena dela, badago beste jokaleku bat, inork aipatzen ez duena, eta modua emango lukeena Ibexen, patronalaren eta nazioarteko lobby mediatikoen nahiak betetzeko, zeinak orain egonkortasun faltaz gogoratzen baitira, nahiz eta orain arte beste alde batera begiratu duten edo kaos sozial eta politikoa eragin duten beren politikekin, eta, ondorioz, baita herritarren sufrimendu latza eragin ere. Hala, Konstituzioak Erregeari ahalmena ematen dio Presidentetzarako hautagai bat aurkezteko, alderdi politikoekin aldez aurretik hitz eginda. Adinduna eta herritar espainiarra izatea nahikoa da presidente izateko. Legediaren jakitun daudenez, Errejonek eta Iglesiasek iradoki dute inongo alderditan egon gabeko norbait izatea presidentea, ezkerra eta gutxiengo nazionalak batzeko. Nolanahi ere, Errejon operazio horri Armada operazioa II dei diezaiokegu, Mario Zubiagak esan duen bezala —Zubiaga beti da bidaide argia eta analisi politologikoan lagun—.

Estatu kolpearen ondoren matxinatuak Elefante Zuriaren zain zeuden bezala, orain baliteke Elefante Grisaren alde egitea kontraesan ekonomiko, nazional eta sozialak konpontzearen kontrako alderdiek; hala, PSOEren, Ciudadanosen eta PPren esku geratuko litzateke boterea, orain bezala. Ohiz kanpoko jokaleku hori posible izateko —teknokrata bat jartzea estatuko presidentetzan—, nolabaiteko salbuespen itxura eman eta zabaldu behar da herritar espainiarren artean. Beharbada, komeniko da prest egon gaitezen, Naomi Kleinen shock-aren doktrinaren beste aldaera bat izan liteke eta. Beldurrean oinarrituriko shock horiek etorkizun hurbilaren kezka ematen diote jendeari, eta kapitalari bidea zabaltzen diote pribatizazioak egin ditzan; bada, halaxe orain ere: krisialdi ekonomikoan ezin gobernaturik geratzeko beldurra batzen zaio bide orri independentista abiatzeko aukera hurbilari. Espainia hautsiko den eta krisia okertuko den beldurrez, baliteke herritarrek zilegitzat jotzea koalizio handi bat: arlo ekonomikoan eta sozialean ez arriskatzeko modua emango lioke PSOEri, eta Merkelek nahi duen Koalizio Handia bermatuko luke, ustekabeko kolpe legezko baina bidegabe batez —estatu kolpe batez?—. Aukera bat baino ez da, baina aukera errealista, logika postdemokratikoak erakutsia baitu, Mendebalde guztian —eta Greziako kasua paradigmatikoa da—, kapitalak, botoetan irabazten ez duenean, beldurraren bidez irabazten duela.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.