Nekane Goikoetxea.

Elkarbizitzaz

2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
LOMLOE hezkuntza legea hezkuntza eraldatzailearekin bat egiten duen askok sinatuko luke: hezkuntza erronkak ongi definituta daude, helburuak zentzuzkoak dira, zeharkako arloak behar-beharrezkoak. Pentsa... ikastetxeen autonomia berari heldu dio! Ziur aski Euskal Herrian kokatutako ikastetxe aurrerakoi orok egin dezakeen plan estrategikoa ez da askotxo aldenduko infografia dotoreetan azaldutako asmo horietatik. Aldeko iritzi horrek zer pentsatua ematen dit, ordea. Horiek dira nahi dugun hezkuntza ereduaren gakoak?

Hezkuntza graduetan nabil dozentzian murgilduta azken urteetan, etorkizuneko irakasleen formazioan. Konstatazio bat: azken ikasturteetan euskararen erabilera ez da hazten ari eta, oro har, ikasleek dakarten errepertorio kulturala are gehiago arrozten da euskaltasun modernoan gutxi-asko konpartitzen genuenetik. Euskaltzale diren lagunek baieztatzen dute asko aniztu dela ikasleria eta, esaten ez den arren, logikoak direla euskararen erabilera datu horiek. Agian arrazoia dute, baina seinalatu nahiko nuke D ereduetan ikasle bakoitzaren euskara gaitasunean jarri dugula arreta nagusia azken 50 urteetan, euskaldun eleaniztun izatea helburu. Murgiltze kulturalak, euskaltasuna birsortzeko helburuak, arazo gehiago sortzen ditu, ez baitu maila bereko kontsentsurik sortzen.

Euskara gaitasunaren gaineko kontsentsua hezkuntzako ereduekin konpondu genuen, baina euskal herritartasunari ezin zaio eutsi filologiako tresna eta metodologia berritzaileekin. Eleaniztasunaren markoaz haragoko problematikoa baita. Gure ikasleak harrituta geratzen dira urtero euskararen datu soziolinguistikoak lantzen ditugunean. Euskal herritarren %27 da euskal hiztuna esan eta zeharo harrituta geratzen dira. Zer espero zuten galdetuta, %60, %80 eta horrelako portzentajeak esaten dituzte. Norbaiti entzun nion moduan, normalegiak gara.

Etorkizun hurbilean aldaketa demografiko handiak biziko omen ditugu. Aurki biztanleriaren laurdena izango da Espainiako estatuaz kanpotik etorritakoa. XX. mende hasierako euskalariak oso gogoan ditut, esaten dudanean ariketa oso garrantzitsua dugula begi bistan euskaldun izaten jarraitu nahi dugun euskaldunok. Aurrekoek ere beraien erantzunak eraiki zituzten. Euskaldunak bere buruarekin «beste» euskaltasun bat eraikitzen trebe izan dira kronotopo ezberdinetan (zenbat euskaldunberriri esker ez ote den bestetasun bat eraiki), baina ez dira gutxi soziolinguistikoki bere buruaz beste egin dutenak ere. Mundutik datozen pertsonekin batera zer elkarbizitza eredu eraiki behar dugu hezkuntzatik gure buruaz beste egin ez dezagun? Horren erantzuna ez da Madril aldetik etorriko, zoritxarrez joko-zelaia ez da gehiegi aldatu Menendez Pidalek mende bat atzera eraikitakotik. Pruden Garziak La España metafísicaizenburupean (sarean dago eskuragarri) ederki deskribatu zuen eta gomendagarria da oso euskaldunon esentzialismoaz arduratuta dagoen ororentzat (uler bedi ironia).

Nork daki demografia-aldaketek norantz eramango duten itsasontzia. Lemazainak non diren galdetzen dugu inurritegietan. Makina-gelan badago norbait? Ikusi duzue norbait beste inurritegietatik?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.