Aste honetan albiste izan da Mujeres & Cía izeneko plataformak Mercedes Wullich kazetari argentinarraren gidaritzapean osatu duen Top 100 zerrenda. Espainiako ehun emakume hautatu ditu berrogeita hamar laguneko epaimahai batek. Bakoitza bere lanean nabarmentzen direnak dira, eta helburua emakume horiek «ikusgarri» egitea da nonbait, eta pentsamendu taldeetan antola daitezen lortzea, euren lidergotik eraginkortasun handiagoa izan dezaten. Ehun emakume horietan badira zazpi euskal herritar: Edurne Pasaban mendizalea, Inma Shara orkestra-zuzendaria, Ainhoa Arteta sopranoa, Sofia Rodriguez Sahagun Espainian Vodafoneren Irudi eta Marka arduraduna, Ruth Diaz ikuskizunetarako sarrerak on line saltzeko web orri arrakastatsu bat zuzentzen duena, Begoña Zunzunegi, Becara izeneko altzari denda entzutetsuen jabea eta Rosa Diez, UPyD partiduko bozeramailea Madrilgo Kongresuan.
Las siete magníficas vascas izenburupeko artikuluxka bat irakurri nuen herenegun. Zer esango dizuet ba nik? Batzuk ezagutzen ditudala eta besteak ez. Eta ezagutzen ditudanen artean batzuei badiedala besteei ez diedan estimua. Hortik aurrera, zalantzak sortzen zaizkit. Ez dut ukatzen, hurrik ere, bakoitzak berean izan dezakeen meritua, baina ez dakit ez ote den oso joera arra zerrendak egin beharra bera ere. Eta lidergo hitzari ere usain beretsua hartzen diot. Zer esanik ez eraginkortasun premiari, arrakasta hitzari edo magníficas izen-lagunari.
Aste honetan bertan izan dira albiste beste emakume euskaldun batzuk, jarrerarengatik ehuneko zerrenda hortakoak baino barrurago iritsi zaizkidanak. Maixabel Lasa, esaterako. Utzi egin du Jaurlaritzan zeukan postua ,eta goxo eta zentzuz uzten asmatu duela iruditu zait. Guztiz ulergarria den mina berak bezala ildoratzen asmatu ez dutenen irainak jaso behar izan ditu, baina emakume azaldu da, printzipioetan tinko bezain jarreratan malgu, senarraren hiltzailearekin elkarrizketaren bat eginda eta hura kaleratzean, nahiz ez ahaztu eta ez barkatu, kafetxo bat hartzeko pronto.
Carmen Gisasolak ere eman dit zer pentsaturik. Gaur zortzi nobelan, sasira ihes egin duen militante baten amaren kezkak dira ardatz nagusi. Seme-alabak erakundean sartzean gurasoek senti dezaketeen ezinegona eta aldi berean haiekiko duten estimu erabatekoaren arteko itxurazko kontraesana daude eleberriaren hondo-hondoan. Gurasoen belaunaldiak «inor ez hiltzearen balioa» transmititu ziela uste du, eta etxe askotan bizi izan dela egoera kontraesankorra: batetik, egiten zutenarekin ados ez zeudela eta bestetik, seme-alabekiko atxikimendu osoa erakusten zutela. Ez naiz ni nor inoren etxean sartzeko, baina gurean gertatuaren berri gogoratzeko balio izan didate Carmenen gogoetek. Ez zen sekula politikaz aholku emailea izan eta errietaldirik ere ez zidan apenas egiten, baina San Inazio bezperako gau hartan bekozkoz esan zidan aitak «Barajasko hori ez zegok batere ondo». Nire zorionerako, ez zen T4ko 2006ko atentatuari buruz ari, 1979ko Atocha, Chamartin eta Barajaskoaz baizik.
Bizikidetzarako ematen dizkiguten ikasgaiengatik bada ere, emakume zerrendarik egin behar banu sartuko nituzke Bertha Gaztelumendiren Mariposas en el hierro dokumentalean azaltzen direnetarik asko. Edurne Brouard, adibidez, Santi Brouarden alaba. Edo Tamara Muruetagoiena, atxiloketa baten ondorioz jasandako bihotzekoaz aita hil zitzaiona. Eta baita Carmen Hernandez 2000. urtean erail zuten PPko zinegotzi Jose Maria Pedrosaren emaztea ere. Tenplea, iraganera begiratzeari utzi gabe etorkizuna zedarritzen hasteko duten grina eta ahalmena, norbere minetik guztiontzat juxtuagoa izan daitekeen gizarte bat sortzera jotzearen jauzi erraldoia…
Ez naiz, ordea, zerrenda zale. Gogo-bihotzetara bakarka sartzen zaizkigu pertsonak eta ideiak, eta bakoitzak bere txokoa hartzen du, sailkaezin, gure barruenean. Eta zerrendak egiten hasita ere ez nintzateke ar eta eme bereiztearen aldeko, nahiz eta egia den azken boladan neuri ekarpenik handienak egindakoak emakumeak direla kasurik gehienetan. Ez dirudi kasualitate hutsa.
Plazatik
Emakume zerrendak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu