Uda beteko (p)lana

Eman bidea

garbine ubeda goikoetxea
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Supermerkatuan orga bete jaki erosi ostean, autoan sartu eta etxerantz abiatu da egunerokoari normaltasunez heltzeko gogotan den gizasemea. Kirol albistegia adituz batera heldu da biribilgune nagusira, egunotako katramila entzunez, gainerako zentzumenak eta bereziki bista, gidatze lanetara jarrita dituen arren. Auto gorri kaxkar bat dakusa biribilgunearekin bat egingo duen errepidetik behera abiadan etortzen. Baita bide-seinale eder askoa ere — 'eman bidea'—, harantz begira. Lehentasuna duela ziurtzat emanda, bere martxan segitzen du gizasemeak, Mourinho jaunak eragin duen hitz-aspertua lagun duela. Auto gorri kaxkarrak ez du, ordea, gelditzeko asmo izpirik ere erakusten, eta hiru segundoren ostean, elkarri Eustakioren Tronpa ere ikusiko diotelakoan, frenoari sakatu diote biek, bat-batean eta zakar, gogo txarrez.

Auto gorriko gidaria —metro eskaseko amona zahar kaskarina— espantuka hasi zaio berehala, besoak goratu eta garrasika, lepoko zainak lehertzeko zorian, egunkari honetan errepikatu ezin diren itsuskeriak ahotan hartuta. Gizasemeak, harri eta zur, atzean utzi berri duen seinaleari erreparatzeko keinua egin dio amonari, muturra belztuta. Eta gida-baimena asto gainean joaten zeneko garaian hartu ote zuen galdetzeko premia ere sentitu du, baina martxa egin du albait lehen. Parte txarreko amona batekin zipoka hastea besterik ez zuen falta.

Andrea ez da, ordea, hain erraz konformatzekoa. Ipurdia lisatu nahiko lioke gustura, eta segika dihoakio malapartatuari. Popatik hartzera bidaltzen ari zaio etengabe, orain klaxonaz zalapartaka, orain leihotik besoa atera eta erdiko hatza tentetzen diola. Hamaika ikusteko jaiotako gizaseme txundituak atzeko ispilutik jarraitzen du haren kasketa. Pipiak jota ote dagoen galdetzen dio keinuka.

Hiruzpalau kale luze egin dituzte horrela, harik eta gizasemea, etxerainoko prozesio deserosoa ekiditeko saioan, autobus geltokian gelditu den arte. Atsoa parean jarri zaionean burua leihatilatik atera eta errieta zorrotza egin nahi izan dio oihuka. «zer, demontre!» esateko aukera besterik ez du izan, alabaina. Amonak, mendeku gosez, ondoko esertokian dituen poltsetatik arrautza bat hartu eta indarrez bota dio tipoari. Bai eta eman ere. Bai eta kopetan lehertu ere. Ziztu batean alde egin dio gero, marmar batean.

Umiliatuta heldu da gizona etxera, bere onetatik aterata, kakazaharraka eta bejondeiolaka, orroka, arrautzez goraino eginda. Emaztea asaldatu egin da piura horretan ikusi duenean, eta urduritu, fitsik ere ulertzen ez diolako, amona txiki baten kontrako agresibitate hori sekula ezagutu ez diolako, harrapatzen dizkionak surrealismo hutsa iruditzen zaizkiolako. Futbol liga lehenbailehen has dadin erregutu du bere baitarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.