Handik eta hemendik

Eman botoa Intxaurrondon

Imanol Murua Uria.
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Argia aldizkariaren aste honetako azalak ohartarazi digu Espainiako Alderdien Legea hamar urte betetzear dela. Hilaren 27an, San Pelaio bigarrenean, hamar urte egingo ditu Espainiako Gorteek gehiengo handiz onartutako lege bidegabea indarrean jarri zenetik. Gogoratzen? Hura bai giroa: Prestige ontzia bitan zatitzen, Garzon 18/98 sumarioa ixten, ETA Juan Priede zinegotzi oriotarra hiltzen, Espainia Perejil irla birkonkistatzen, Ibarretxe plana aurkezten... Eta Eusko Legebiltzarrean gutxiengoan, orain gehiengoan direnak.

Ezker abertzalearen arnasa politikoa kentzea zen Alderdi Politikoa bultzatu zutenen helburua, eta, aitortu behar zaie, ia itotzeraino kendu zioten arnasa ETAren indarkeriak iraun duen bitartean. Lizarra-Garaziko Itunaren garaian abertzaleen gehiengoak eta elkarlanak zer arrisku zekartzan ere ondo asko sumatu zuten, eta horri emandako erantzuna ere izan zen arau berria: ezker abertzalea taula politikotik botaz, abertzaleen gehiengoa ezinezko bihurtu. Horrek ere funtzionatu die, gorabeherekin, eta funtzionatzen die oraindik ere (ikus Ajuria Enea), denbora gutxirako izango bada ere.

Sorturi buruz Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki beharrekoa erabakitzea baino ez da falta Espainiako Alderdien Lege tamalgarria historialarien bazka izateko. Joan den aste honetan mahai gainean izan omen dute Konstituzionaleko legelariek Sorturi buruzko txostena, baina modu susmagarrian atzeratu eta atzeratu ari dira. Bilduri legezko bedeinkazioa ematearen alde bozkatu zuten sei magistratuen aurkako kanpaina izugarri haren eragina hor dago oraindik. Gaur ez bada bihar, ordea, erabakia etorriko da.

Bukatu dira tranpak beraz? Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak berak parekatu ditu duela hamar urteko Alderdien Legea eta Hego Euskal Herriko erroldak aldatzeko oraingo plana. «Alderdien Legea abian jarri zenean, Auzitegi Konstituzionalaren galbahea ez zuela pasako esan zuenik izan zen. Egin zen. Iniziatiba hau ez da hura baino zailagoa», azaldu du ministroak, ETArengandik ihesi Euskal Herria utzi omen zutenei Hego Euskal Herriko hauteskundeetanbotoa emateko eskubidea emateko aitzakian inoiz Euskal Herrian bizi izan den edonori boto eskubidea emateko planari buruzko azalpenak eman dituenean.

Sofistikazio handirik gabe gainditu asmo dituzte legezko zailtasun agerikoak, arkitektura juridiko finetan galdu gabe. Ezinezkoa dela bereiztea nork alde egin zuen ETAren mehatxuagatik eta nork beste arrazoiengatik? Non dago arazoa: inoiz Euskal Herrian bizi izan diren guztiek eskubidea izango dute, hala nahi izanez gero, hemen erroldatua izateko. Intxaurrondoko kuartelean lan egin zenuela hainbat urtez eta orain zure jaioterrian, demagun Huescan, bizi zarela? Eman botoa Donostian. Ez da Carlos Iturgaitzen ateraldia ezta Antonio Basagoitiren azken burutazioa izan. Espainiako Gobernuak zuzenbide konstituzionaleko hogei bat aditu bildu ditu, Fabio Pasqua irakasleari eskatu dio txostena egiteko eta, oraingoz, horixe proposamena.

Gehiegi litzateke. Horrenbesteraino iritsiko direnik sinestea zail egiten da. Baina hilaren 27an hamar urte egingo ditu hamarkada oso batez herri honetako boto-emaileen %15 inguru ordezkaritza politikorik gabe utzi dituen legea onartu zutenetik. Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetarako berandu dabiltza akaso, baina epe luzeagora jokatzen ere badakite Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.