Vicent Partal.
Enbaxada bila

Enpresari batzuk, lekuz kanpo

2013ko otsailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Katalunian bada enpresa erakunde bat Foment del Treball Nacional izen arranditsua duena. Tradizioan, Kataluniako patronal nagusitzat hartu izan da, eta CEOEren fundatzaile nagusietako bat da. Fomenten irudia, oro har, oso antzinakoa da. Orain arte inork ez zion eztabaidatzen enpresarien ordezkari zela, baina ahapeka jartzen zen zalantzan antolakundearen zuzendaritzek haren inguruan egiten zuten erabilera. Aste honetan, eztanda egin du guztiak.

Fomentek ekitaldi batean batu nahi izan zituen Kataluniako enpresarien ordezkari guztiak, batu, edo, praktikan, haien guztien lider izan; ekitaldi hartan, gainera, kritika egin behar zioten prozesu subiranistari. Berehala aldendu ziren Foment-eko kide diren lurraldeko patronal asko, zuzendaritzarekin eta gainontzeko antolakunde ordezkariekin bat ez zetozen taldeak. Hainbeste, ezen Fomenten zuzendaritza bakarrik gelditu baitzen, eta kongresuen jauregian ekitaldi bikain bat egin beharrean bilera bat egin zuten beren eraikineko ekitaldi aretoan. Ez Merkataritza Ganberak —zeina ez den batere abertzalea—, ez Ekonomia Elkarteak berak —zeina Josep Piquek zuzentzen duen— ez zuten bat egin.

Mundu guztia bat dator ekitaldia politika oldarkorra erabilita aurkeztu zutela eta horrek akabatu zuela. Eta garrantzitsua da hori: jadanik gutxi dira subiranismoaren aurka busti nahi dutenak, eta horrek erakusten du Kataluniako proposamen independentista zenbateraino onartu eta entzuten den.

Baina beste zerbaiten berri ere ematen du: zergatik dagoen jauzi izugarria Foment zuzentzen duten enpresari eroso kokatuen eta enpresari gazte eta berritzaileen belaunaldiaren artean, zeinak Kataluniako industria ehuna aldatzen ari diren. Herbehereetara eta Austriara baino gutxiago esportatzen dute Espainiara, eta inoiz ez diote begiratzen BOEri, Fomenteko zaharrek beti gau mahaian duten Biblia horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.