Seguru Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko kideek El País-eko editorialak irakurtzen dituztela. Are gehiago beren burua lerro artean ikusten dutenean, herenegun bezala. Titulua: «Garaizko kanpoko epaia». Argudio nagusia: Auzitegi Gorenak Bateragune auziko bostak zigortu dituenean ez du kontuan hartu Konstituzionalak Bildu auzian finkatutako irizpidea; hau da, ez dagoela frogatuta Arnaldo Otegik-eta ETAren aginduz jokatu zutenik ezker abertzalea berrantolatzen hasi omen zirenean. Ondorioa: «[Konstituzionalean] oinarri oneko babes helegitea aurkezteko tarte zabala gelditu da, errugabetasun ustearen eta parte hartze politikoaren eskubide garrantzitsuei eragiten dien auzira koherentzia juridikoa itzul dadin». Gure hizkuntzara ekarrita: El País-ek eskatzen dio Auzitegi Konstituzionalari Bateragune auziko zigorra bertan behera uzteko, Bildu auziko irizpide bera baliatuta.
Ez hasi etxafuegoak botatzen. El País bezala, Madrilen argitaratzen diren beste egunkariak ere begiratzen dituzte Auzitegi Konstituzionaleko kideek, Gorenekoek bezala. Ez zituzten berehalakoan ahaztuko, hain zuzen ere, Bildu auziari buruz epaiaren ondoren egin zieten kanpaina. La Razón-ek eta La Gaceta-k Bildu legeztatzearen aldeko botoa eman zuten sei magistratuen argazkiak atera zituzten azalean, izen-abizenekin, epaiaren biharamunean. La Razón-en izenburu nagusia: «ETAk irabazi du, Espainiak galdu»; eta argazkien gainean: «Magis-tratu hauek eman diote baiezkoa Bilduri». La Gaceta-ren izenburu nagusia: «PSOEk hautestontzietara eraman du ETA»; eta argazkien gainean: «Hauek dira Gobernuarekin hitzartutako iruzurra egitera prestatu diren sei magistratuak».
El Mundo-n sei egun jarraian azaleko gai nagusia izan zen Bilduri buruzko epaia, eta seigarrenean argitaratu zituen baiezkoa eman zuten sei kideen argazkiak azalean, preso askatu berri batek espetxe atarian Bilduren aldeko pankarta erakutsi zuela eta: «ETAk Bildurentzat botoa eskatuz nabarmen utzi ditu Auzitegi Konstituzionaleko seiak». Orduan jasan zuten presioaren ondorioa omen da Sortu alderdiari buruz oraindik erabakirik hartu ez izana. Tarte luze samarra utzi beharra zegoen, berriro tamaina horretako erabaki bati ekin aurretik. Eta orain, baten faltan, bi: Sorturi buruz ez ezik, Bateragune auziari buruz ere erabaki beharko dute Konstituzionalean. Auskalo, ordea, noiz.
Ez, Bateragune auziari dagokionez, datozen hauteskundeak baino lehen. Izan ere, nekez iraungo du Patxi Lopezen gobernuak legealdia bukatu arte, Antonio Basagoitik bi aldeei komeni zitzaien mugimendu politiko klasikoa egin ondoren, adiskideek ere etsai plantak egin behar baitituzte hauteskunde atarian. Bozak orain aurreratzea, ordea, Basagoitiri irabazlearen tantoa oparitzea izango zen, baina ez da askorik itxaron beharko. Ezetz turroia Ajuria Enean jan.
Bi lehendakarigai seguruak dira dagoeneko: Lopez eta Basagoiti. Baina, azken hauteskundeen eta inkesten arabera, hirugarren eta laugarren posturako lehian besterik ez dira arituko. Hara, batzuen estrategia berrien eta besteen errezeta zaharren ondorio nagusia: bide honetan, euskal herritarren erabaki eskubidearen aldeko bi indarrak arituko dira irabazteko lehian Eusko Legebiltzarrerako bozetan, lehenengo aldiz historian, eta ahalik eta gutxien galtzeko lehian arituko dira, aldiz, esparru juridikoa dagoen bezala utzi nahi duten bi indarrak.
Amaiur osatzen duten alderdien hautagaia Arnaldo Otegi ez dela izango esan beharko genuke Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren. Desabantailarekin jokatuko dutela berriro, alegia. Desabantaila abantaila bihurtzen saiatuko dira hala ere, noski. Iñaki Iriondok Gara-n idatzitakoak arrastoren bat ematen du (Arnaldo lehendakari, 2012-05-10): «Espetxe zigor honen ondorioz hurrengo hauteskunde autonomikoetan independentismoaren liderrarekin lehiatu beharrik ez dutela izango uste duten guztiak oker daude. (...) Aukera politiko guztiek berdintasunez ezingo direla lehiatu erakutsiko duen irudia izango da Arnaldo Otegi (...)».
Ateraldi hutsa izan daiteke, epaiaren beroan idatzitako burutazioa, baina ez dago gaizki pentsatua. Akaso, EAJko lehendakarigaia zein izango den jakitea bakarrik faltazaigu.
Handik eta hemendik
Epaiak, etsaiak eta lehendakarigaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu