Eredu digitala

2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Digitalizazioaren, digitalaren eta digituen inbasioa sentitzen hasiak gara hezkuntza munduan. Ziurgabetasunez. Eta ziurgabetasun horren aurrean, bi ikuspuntu: negatiboa eta positiboa. Normalean negatiboak gehiago positiboak baino. Beldur garenean, gainera, gure beldurrak berresten dituzten hitzak eta iritziak entzutea gustatzen zaigu, ez horiek diluitu ditzaketenak. Eta predisposizio horren aurrean, diskurtso baikor batek desabantailaz jokatzen du beti. Beldurra 1Ilusioa 0.

(Er)aldaketa digitalak badakar iraultza industrialaren dinamiken zantzua; bertsio aurreratu gisa aurkeztu izan zaigu. Gizarte eredu zehatz baten isla da. Konturatu gabe edo kontziente izanda, ehun digitalaren parte gara, eta hezkuntza ere ekosistema horretan integratu da. Beldurra 2 Ilusioa 0.

Baina dagoeneko naturala da digitalizazioa, ez artifiziala. Eta naturala den heinean, hazten jarraituko du. Ez dut zalantzarik. Ez nuke digitalizazioaren mugez hitz egin nahi, naturalari ez diogulako mugarik jartzen. Baina bai ereduaz. Alegia, hezkuntzak, hezkuntzatik erabaki beharko du zein eredu digital nahi duen. Ondo legoke jasangarriaeta osasuntsua izatea... Beldurra 2Ilusioa 1.

Digitalizazioa ulertzea da lehenengo urratsa digitalizazioak hezkuntzari eskaintzen dizkion aukerak identifikatzeko eta eredu digitala garatzeko.Eta horretarako, inoiz baino garrantzitsuagoa da geure burua formatzea, sarean eta saretik kanpo; ehun digitalean.Izan ere, sarean gertatzen dena beti ez da sarean geratzen. Beldurra 2 Ilusioa 2.

Ereduak pertsona, ikaslea jarri beharko luke erdigunean. Hezkuntzaren helburuetako bat da etorkizunean ikasleek beharko dituzten gaitasunak garatzeko aukerak ematea eta horretarako espazioak eraikitzea. Digitalak ere bai. Gainera, digitalizazioaren eraginez oso aldakorrak bihurtu dira orain arte estatikoak izan diren hainbat kontzepzio. Adibidez, digitalizazioak bota ditu eskolako hainbat horma dagoeneko. Eta hasi damodu naturalean hazten, hormetatiketa leihoetatik irteten. Beldurra 2 - Ilusioa 3.

Berria aitortzea zaila bada, etortzeke dagoena irudikatzea, oraindik eta zailagoa. Baina printzipio pedagogikoakkaltetu gabe, eszenatoki horren hainbat pista marrazten ausartuko naiz. Eragile berriekin partekatuko dugu eszenatokia, botekin. Eta, beraz, harreman dialogiko berriak txirikordatuko dira. Izango dugu denbora gehiago ikasle bakoitzarekin egoteko, batera eraikitzeko eta elkarrengandik ikasteko. Inteligentzia artifizialak lagunduko digu ikasle bakoitzarentzat proposamen pertsonalizatu bat sortzen; zernahi-nonahi-noiznahi. Izango ditugu ere teknologiarik gabe espazioak, arnasguneak; egoteko, izateko. Makinek ez dute irakaslea ordezkatuko; ez dut uste hezkuntza automatizatuko denik. Hori interpretazio azkarra besterik ez da. Beldurra 2Ilusioa 4.

Izango dugu beste erronka bat ere. Ezagutza modu esponentzial batean hazten da; 2030ean 12 orduero ezagutza bikoiztuko dela diote... nola kudeatu eta interpretatu informazio hori? Norenak dira datu horiek? Galdera hezigarriak ez ezik, etikoak ere badira. Baditugu urte batzuk pentsatzeko... baina ez ahaztu atzean dagoena dela garrantzitsuena; hori izango baita gure eredu digitalaren oinarria. Beldurra 2Ilusioa 5.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.