Jakina da kirola eta politika ez direla nahastu behar. Ezta futbola eta banderak ere. Ezta golak eta ereserkiak ere. Horregatik jarri zioten Espainiako Kopa lehiaketari Copa del Generalísimo izena bere garaian, eta horregatik esaten diote Errege Kopa orain. Horregatik jotzen dute Espainiako ereserkia finala hasi baino lehen.
Kirola eta politika beti egon dira bereizita. Ez baitira nahastu behar. Coubertin baroiaren espiritu olinpiarraren arabera, parte hartzea da garrantzitsuena, ez irabaztea edo galtzea, baina podium olinpiarraren gailurrera irabazlea igotzen da, eta garaileak ordezkatzen duen estatuaren ereserkia jotzen dute mundu osoko telebistentzat, bandera mastan gora igotzen duten bitartean. Horregatik egiten zaigu batzuei ezaguna, oraindik, baita Ekialdeko Alemania zenaren ereserkiaren doinua ere, hango emakumezko atleta eta igerilariek ez baitzituzten alferrik hainbeste domina irabazi 80ko hamarkadan. Espainiako Errepublikako ereserkia ere Davis Kopako final bati esker ezagutuko dute batzuek: Espainiak 2003an Australian finala irabazi zuenean, edozein hunkitzeko moduko sentimenduarekin jo zuen El himno de Riego James Morrison tronpeta jotzaileak.
Ereserkia jotzea ez da politika. Politika da, adibidez, Tommie Smith eta John Carlos 1968ko Mexikoko Olinpiar Jokoetan egiten ausartu zirena: 200 metroetako finalean urrezko eta brontzezko dominak irabazi zituzten eta, podiumean zirelarik Ameriketako Estatu Batuetako ereserkia jotzen hasi zirenean, eskularru beltza jantzi, ukabila altxatu eta burua makurtu zuten. Arraza bazterkeriaren aurkako ekintza sinbolikoa izan zen. Garesti ordaindu zuten kirola eta politika ez direla nahastu behar ikasi ez izana: kirola eta politika ez direlako nahastu behar, Olinpiar Jokoetatik kanporatuak izan ziren eta, behin etxera itzulita, kirol agintarien bazterkeria jasan zuten. Hamabi urte geroago, kirola eta politika ez direlako nahastu behar egin zieten boikota Moskuko Jokoei Ameriketako Estatu Batuek eta bloke kapitalistako beste estatu askok 1980an, gerra hotzaren beroan. Eta arrazoi berberarengatik eman zizkieten odolkiak ordainetan Sobiet Batasunak eta bloke sozialistako estatu gehienek 1984an, Los Angelesko Jokoei boikota eginez.
Esperanza Aguirre Madrilgo komunitateko presidenteak Ameriketako Estatu Batuen eredua aipatu du, Ingalaterrakoarekin batera, herrialde serioetan ereserkiari eta banderari iseka egitea ez dutela onartzen esateko. Egia da hemen, Estatu Batuetan, ereserkiarena eta banderarena serio hartzen dutela: institutuko saskibaloi taldeen arteko partida izan edo herrixka bateko rodeoa izan, AEBetako bandera eta ereserkia beti daude egitarauaren hasieran. Denak zutik, eskua bularrera eramanez entzuten dute. Malkoak ikustea ez da arraroa. Egia: inork ez du txisturik egiten. Baina ez ditzala Aguirrek, bandera kontuetan, Estatu Batuak eredu hartu. Barra eta izarren bandera plazaren erdian erretzen ausartzen bazara, epelak entzun entzungo dituzu, baina legeak bakean utziko zaitu: Auzitegi Gorenak 1989an ebatzi zuen adierazpen askatasunak babestu egiten duela bandera erretzeko eskubidea. Eta ereserkiari txistu egitekoa, gehitu genezake.
Espainiako Errege Kopako finala jokatu aurretik idatzitako lerroak dira hauek, baina norgehiagoka dagoeneko ikusia bagenu bezala idatz genezake Esperanza Aguirre guztiak espantuka jartzeko modukoa izan zela Espainiako monarkiari eta Espainiako Estatuaren zatiezintasunari emandako txistukada, orain hiru urte Valentzian entzundakoaren tamainakoa izan bazen behintzat. Ikasiko ahal zuten monarkiaren eta Espainiaren zatiezintasunaren sustatzaileek kirola eta politika ez direla nahastu behar.
Handik eta hemendik
Ereserkia ez da politika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu