andoni egana
Plazatik

Errelatoaz

2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Garai bakoitzean badira hitz eta esamoldeak berebiziko purian heltzen direnak. Orain, esaterako, gure gaztetxoek, bai euskaraz eta bai gazteleraz sólo hitza erabiltzen dute berezia edo aparta den beste norbait definitzeko: «Iker sólo bat da» entzun ahal izango duzue belarriak gehiegi tentetu gabe. Egigurenek ez luketela behar dioen erdarazko hedabide horietan «eso no… lo siguiente» jarri da modan, eta euskarazkoetan, nahiz edozein jendaurreko euskarazko jardunetan, «pixka bat» edo «apur bat»-etik ezin ihes eginik gabiltza, «nolabait», «gutxi-gehiago», «axaletik bada ere», «ahalik eta sakonen» eta abarrak ahaztuta. Politikan lehen sekula ez eta orain behin eta berriz aipatzen duten hitza errelatoa da. Kontaketan omen datza gakoa, kontaketa askorenean eta askotarikoan. Bakoitzak eman behar du nonbait gertatuaren bere ikuspegia, ahalik eta errealistaen eta zintzoen, zauriak zornerik sor ez dezan eta irtenbideak argiagoak izan daitezen. Poliedroaren hosto horiek batzearekin etorriko da nonbait enborra zurkaiztu eta orri berriak sortzeko aukera.

Errelato hitzak ni neu literaturarantz narama zuzenean. Eta nago politikariek izango dutela errelatoaren premiarik, baina euskal narratibagintzan maiz, jori, ikuspegi askotatik eta nire ustez askotan maila artistiko onean, kontatu izan dela gatazkaren inguruko zahar-berririk. Kasualitate hutsa izango da, baina nik neuk gatazka hitza 80an ikasi nuen Karlos Otegiren Pertsonaia euskal nobelagintzan liburua irakurtzean. Dionisio Amundarain zuen euskaratzaile eta hari zor izango diot ikasia. Kontua da ordudanik honako zerrenda bat buruz eginda ere ez direla gutxi gatazka era batera edo bestera ukitzen duten euskal eleberriak: Canovas eta Angiolilloren garaiak gogorarazi zizkigun Koldo Izagirrek Nik ere Germinal egin nahi nuen aldarri! hartan. Gerra zibileko kontuak aipatzen zizkigun Inazio Mujika IraolakGerezi denbora-n. Eta garai hurbilagokoetara etorriz Txillardegiren Exkixu datorkit gogora edo Saizarbitoriaren Hamaika pauso. Edo Unai Iturriagaren Berandu da gelditzeko. Eta Antzararen bidea Jokin Muñozena eta baita Gizona bere bakardadean Bernardo Atxagarena edo Twist Harkaitz Canorena ere. Bat-batean burura datozkidanak jarri nahi izan ditut, xehatzen hasita askoz gehiago aurki genitzakeen ziurtasunez.

Euskal narratibagintza ez dabil eskas modu horretako errelatotik. Zenbat etakide legal eta ez legal, zenbat polizia eta zenbat koloretakoak, zenbat jazarpen, zenbat tiro, zenbat tortura saio…! Eta ongi errelatatuak gainera! Ez gabiltza eskas gertatzen zitzaigunaren ulertu nahi artistikoan. Pertsonaia gatazkatsuak —euren barne gatazkak bikain azaldu dizkigutenak— eta gatazkari emandako pertsonaiak, denetik izan dugu. Akaso, pertsonaia arruntei dagokienez gabiltza eskas. Idazle, abokatu, kazetari eta etakide ilegalez beteriko mundu bat kontatu dugu. Eta norbait behar bazen maila arruntxeagokoa, tabernariaren figura ez zen urruti ibiliko. Bere aurrean mundua pasatzen ikusten duen supermerkatuko kutxazainik ez balego bezala. Edo butano-banatzaileak edo ile apaindegiko langileak, edo etxearen alokairua ordaindu ezin duten langabeak, edo ERE bati nola aurre egin eta ze adabaki ipini pentsatzen ari diren sindikalistak, bere horretan, literaturagarri ez balira bezala. Gatazkak bizi gaitu eta gatazken esparrua zabaltzen ahalegintzea ez litzaiguke gaizki etorriko. Asperrari, errutinari, ezinari, berdinari… esku sartzen oraindik ez garela hasi esango nuke. Lehen esaten zen heriotzak berdintzen gintuela; orain krisiak lor dezake pertsonaia arruntenaren biziraupen borroka soila aski epikoa izatea, idazleak kontaketarako kitzikagarri eta irakurleak jakin-min pizgarri jo dezan.

Politikariak errelatoari buruz hasi diren honetan, adierazi behar genuke euskal narratzaileek lan horretan dihardutela aspaldidanik eta irakurzale diren politikariek, behintzat, errealitatea, edo errealitatearen ertzen batzuk ulertzeko fikzioa izan dezaketela bide. Arazotxo bat bada, ordea: idazlea, oro har, ondo kontatzearekin asebetetzen da. Politikaria, oro har, kontaketan ahalegintzen da, gerora zenbaketan luzitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.