andoni egana
Plazatik

Errezetak

2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
PSOEko norbait zen hizlari Andaluziako hauteskundeetarako mitin batean. Bere azalpenak eta ondorengo galdera erretorikoak arreta erakarri zidan. Entzuleei ari zitzaien esanaz oraindik badirela latifundistak eta lursail handien jabeak inguru haietan. Argi dagoela haiek zer uzten dieten ondorengoei herentzia gisan: euren ondasun eta lurrak. «Baina zer utzi behar diegu guk, pobreok?», egin zuen galdera gero. Eta isiltasun neurtuaren ondotik eman zuen epaia: «Osasungintza publikoa, irakaskuntza publikoa…». Beroarena kendu beharko zaio, hauteskundeen hurbiltasunak edozer esatera baitarama jokoan ari dena, baina ezin da ukatu asmatu zuela egungo egoeraren kontrastearen handia azaleratzen. Hots, apaiza elurretan jartzen.

Izan ere, krisiari aurre egiteko asmoz-edo agintariak hartzen ari diren neurrien artean, bat bada hautsak harrotu dituena. CiUren eskutik heldu zen ideia eta PPkoek ez dute gaizki ikusi: Osasun Zentroan ematen diguten errezetako euro bana ordaintzea.

Izena bera ere xelebrea da. Errezeta. Sukaldaritza artean kozinan egitea soilik zenean, errezeta hitza medikuak betetzen zuen paper hura zen guretzat. Eta haur-belarriek jasoa segituan lotzen zuen haur-logikak. Paper hari esker errazago ematen zuten botikan eman beharrekoa. Bidenabar esanda,offside-rekin gauza bera gertatzen zitzaigun, hor zai zegoen jokalaria nabarmen ari baitzen joko-arauak apurtzen, edota gauza bera gertatzen zitzaien oporrei barkazioak deitzen zietenei.

Izena baino xelebreagoa da ordea errezetako ordaindu beharraren ideia. «Gaixotzekotan taxuz gaixotu zaitez!», esaten ari zaigu Gobernua, gaixoaren pertzepzio eta beharren gainetik euren taxuzidadearen neurria jarriz. «Sakelatik ordainduko duzu zure ustezko sabeleko mina», ari zaigu esaten, ustezkotasunari errua egotziz. «Larrutik ordainduko duzu zinez gaixotzen bazara», ari zaigu mehatxu egiten, eskubideak murrizten hasita gaixotzeko eskubidea ere murriztu daitekeela sinetsiz.

Gutiziatsutzat gauzka, nonbait, aginteak. Oso bestelakoa da egoera. Inguruan ezagutzen ditugu, esaterako, erreleboetan lan egiten zutelako lorik bildu ezin eta pilulak hartzen hasi zirenak. Txandakako lan hura galdu, merezi adinako diru-saririk jaso ez kalte-ordain gisan eta euren burua amildegiaren ertzean sumatzean, lehengo pilulek efekturik egiten ez eta haietaz gain beste batzuk hartzeari ekin ziotenak. Denboraren joanean, curriculumak bidali eta bidali ari ziren garaian, lehengo pilula haiek gogogabetu egiten zituztela, oihan horretan bizirauteko indarra eta grina behar zirela eta bestelako pilulak, pizgarriak, hartzera ohituko ziren. Eta noizbait behin-behineko eta oso gaizki ordaindutako lan bat aurkitu zutelarik, akaso beste botikaren bat hartu beharrean egongo ziren, nagusiaren aginduei purrustadaz erantzun ordez, ikararen ikaraz men egitea ahalbidetuko zietenak. Ezagutzen dugu inguruan adineko pertsona ezindu bat zaindu beharrarengatik botikak hartzea beste irtenbiderik geratu ez zaionik. Ezagutzen dugu autoestimua galdutakorik, bakarturik, hipotekari aurre egin ezin dionik, bizitzako ilusio bakar Aquí no hay quien viva behin eta berriz ikustea duenik… eta burua altxatzekotan errezetaren bat ongi etortzen zaionik. Gaitza hedatzen hasi zenetik, gero eta gehiago eta modu askotarikoagoak dira, gainera, gaixoak. Izan daiteke 24 urteko neska gaztea, mutil-lagunarekin bizitzera joan zena, eta lanik gabe geratzean amarenera itzuli behar izan duena; 55eko gizonezkoa, seme-alabak etorkizunik gabe sumatzean hondoa jo duena; 40ko emakumea, bikote lagunarekin arazoak dituena; 28ko gizon gaztea, karrera bukatu eta lehen lana noiz lortuko amorratzen dabilena… Horiei kendu nahi diete, digute, dirua.

Beraiek ezarritako bizitza-baldintzek gaixoarazi dute jende asko. Eta orain eskuak garbitu nahi dituzte erantzukizuna norbanakoaren gain utziz. Aitzitik, oso bestelakoa da krisiari buruz darabilten errezeta. Krisian sartu gintuztenek beraiek aterako omen gaituzte krisitik. Hori sinesteko bai hartu behar dela botika mordoa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.