Haiek ziren esku-zirkinak, haiek ziren hatz-puntekin airean osatutako keinu eta irudiak! Hura zen hura besoen mugimendua, errota zahar maite baten hegalena bezalakoa! Politikari bakar baten diskurtsoak erakutsi ez zuen bihotza haren behatzen magiak oparitu zigun. Lilura geratu zitzaidan begi-ninietan. Baina jakin dudanetik Mandelaren hiletetako diskurtsoak gorrei itzultzen-edo ibili zen gizonkote dotorea gezurti iruzurgile bat dela, gotor, gogor eta sorgor gelditu naiz, eta mundu osoko gorrekin solidarizatu naiz, zer gutxiago: harrapa dezatela lehenbailehen, sar dezatela sekula betirako eszenategiren baten azpian egokitutako ziega batean.
Pailazo alaena!
Baina baretu zaidanean beroaldiaren irakitea, damutu eta gizona bakean uzteko kanpaina bati ekin diot. Bai, behintzat, lehendabizi Mandelari buruzko hipokresiaren iruzurrarekin engainatu nahi izan gaituzten agintari eta enparauak banan-banan atxilotzen hasi arte.

Hitz beste
Errota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu