Eskola kirola EAEn: nora goaz?

BERRIA.
Dorleta Ugalde Usandizaga
2016ko abenduaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oinarrian, ikasleek nahitaezko eskolatze aldian irakastorduetatik kanpo egiten duten kirol jarduera antolatua da Eskola Kirola. Ahal dela kirol anitz jasoko dituena, ikaslea bere borondate, gaitasun fisiko eta adinaren arabera kirolean aritu dadin eta geroago kirola egiten jarraitzea posible egingo duen prestakuntza jaso dezan. Ikasleen osotasuneko eskola heziketa osatzea izan behar du Eskola Kirolaren helburu, ikasleen nortasuna modu orekatuan gara dadin eta gorputz eta osasun ezaugarri jakin batzuk lor ditzan. Alde horretatik, lehiaketa kirola ezin da izan helburu bakarra, eta prozesuari eman behar zaio garrantzia, emaitza atzean utziz.

Helburu eta ezaugarri horiekin bat, ikastetxeek izan behar lukete Eskola Kirolaren antolaketaren ardura nagusia. Baina, tamalez, urte hauetan guztietan ikastetxeek baliabide eta babes gutxi jaso dituzte Eskola Kirolaren garapen egokirako, eta ondorioz, gaur egun, ikastetxeen inplikazioa oso irregularra da arlo honetan. Eskola pribatuetan beren interes eta gogoaren arabera ari dira lanean, eta eskola publikoetan, aldiz, guraso elkarteak egin dira atal honen arduradun. Hezkuntza sailak gai honetan zeresan handia duen arren, ez du urte hauetan guztietan esku hartu. Kirolaz eta Hezkuntzaz arduratzen diren sailen elkarlana sustatzeak kalitatezko eskola kirola ezartzeko bideak irekitzea dakar, besteak beste, ikastetxeak bere ordutegiz kanpo irekiak egotea bermatuz, begiraleen prestakuntza hobetuz, eskola kiroleko elkarteen sorrera sustatuz, bertako irakasle profesionalak ikastetxean egiten den eskola kirolaren arduradun nagusia izanez (ordainduz eta orduak liberatuz), ikasle dinamizatzaile irudia sortuz eta azken finean eskola kirola hezigarria izatea ahalbidetzen duten ekimenak bultzatuz, Katalunian bere garaian egin zen moduan.

Baina gurean, zoritxarrez, Eskola Kirolaren garapena ez da horrelakoa izan.

Betidanik ezagutzen dugun kirola, tradizionala, beherantz doa, eta beste kirol modalitate eta partaidetza mota batzuk zabaltzen ari dira. Baina, hala ere, federazio, kirol elkarte eta kluben eragina nabarmena da eskola kirolean, eta, gaur egun, eskola kirola nagusiki kirol federatuaren ispilu da oraindik. Lehiaketa programetan kirolei buruzko eskaintza handia eta aberatsa den arren, helduen antzera emaitzaren arabera antolatuak dauden ekintzak dira: txapelketa berdinak, joko sistema berdinak.

Eskola kirolean parte hartzen duten haurrek, nagusiki, kirolaren bidez gozatu eta ondo pasatu nahi dute, eta ez dira errendimendua bilatzen ari. Baina eskola kirolak, orokorrean, ez ditu horien gogoak asebetetzen. Egoera harik eta larriagoa bihurtzen da nesken artean, haien partaidetza mutilena baino askoz ere baxuagoa baita hiru lurralde historikoetan (partaideen %35 inguru dira). Eskola kirola uzten duten haurren kopurua handia da (%40 inguruk uzten dute kirola DBHn), eta horietatik gehienak neskak dira. Badirudi oraindik kezka nagusia haurrak kirolerako prestatzea dela eta ez, ordea, kirola haurrentzako planifikatzea.

Geure erronka nagusia haurren bizitza aberastuko duen kirol ibilbidea ahalbidetzea izan behar luke, kalitatea bermatuz. Txalotzekoa da, alde horretatik, zenbait udaletxe eta ikastetxe aurrera eramaten ari diren ekimen bateratuak. Eskola kirola, ongi bideratua bada, oso tresna baliagarria da haurren hezkuntzan eragin fisiko, psikologiko eta sozial nabariak dituelako. Baina, horretarako, ezinbestekoa da gizarte eragile eta erakunde ezberdinen arteko politika komuna, balio hezigarrietan oinarritua, haur bakoitzaren beharrei erantzungo dien kalitatezko eskaintza bermatze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.