Irudi gogorra bizitzeko aukera eduki nuen, Vicent, asteazkenean, Espainiako Auzitegi Gorenean. Prozesuaren epaiketaren azken minutuak ziren, Marchena magistratuak denboran zigorrera hurbiltzen zaituen«sententziaren zain» esaldi fatidikoa bota zuen, eta berehala aretoa husteko agindua eman zuen.
Azken aukera izan zen epaituak aurrez aurre ikusteko, azken unea metro bateko distantzian animoa emateko, eta, poliziek uzten zuten tartea baliatua, azken aldia eskua emateko gurekin, eta askotan euskaldunoi elkartasuna eskainiz, denbora asko igarotako lagunei. Kirol txapelketa bat irabazi duten kirolariak harmailetako zaleengana eskerrak ematera hurbiltzen diren legez hurbildu ziren epaituak azken agurra ematera, betiere poliziek jarritako muga ezin gainditurik, azken saiora joandako agintariei, senideei eta lagunei. Horietako oso gutxik izango dute hurrengo urteotan keinu hori errepikatzeko modua, gehien-gehienok espero bezala, kartzela zigorra ezartzen badiete.
Zaila da, edo errazegia, azaltzea Pirinioetatik gora bizi den jendeari buruzagi politiko horiek hurrengo urteak kartzelan emango dituztela, ez eskoletan armak eta droga banatzeagatik, baizik eta, hauteskundeetara aurkeztu zirenean agindu zuten bezala, herritarrei hitza eta erabakimena emateagatik.
Europako estatuak ez dira sekula nabarmendu haien mugen barruan dauzkaten estaturik gabeko nazioei onespena egiteagatik; galdetu bestela bretoiei, galestarrei, alsaziarrei, ladinoei... Baina estatu horietako herritarrei kosta egiten zaie Espainiako estatu egiturak Kataluniako independentziazaleekin egiten ari direnarekin ados egotea. Beste horrenbeste gertatzen da komunikabide handi askorekin.
Karta hori jokatzen segitu beharra dago.

ENBAXADA BILA
Eskua emateko azken aukera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu