Eskutik helduta, erabakiraino

2015eko irailaren 6a
00:00
Entzun
Aspaldian, ez dugu besterik entzuten: demokrazia ordezkatzaileari agerian geratu zaizkiola bere akats eta mugak. Eta horrela delakoan nago ni ere.

Orain gutxi lagun bat entzun nuen berbetan, telebistan ordezkari politikoei agintari deitzen dietela-eta haserre. Horiek ez direla agintariak, horiek ordezkariak direla errepikatzen zuen behin eta berriro; guk geuk hautatutako ordezkariak. Niri segituan Angel Oiarbideri mila bider entzundako esaldia etorri zitzaidan burura: «Ordezkariak nahi duena egingo du ordezkatuak hala uzten dion bitartean». Orduan ohartu nintzen, lagun haren haserrea ulertuta ere, gu geu, herritarrok izan garela gehiegitan gure ordezkariak agintari modura hartu ditugunak. Eta orduan berriz ere Angelen «artaldearen» figura etorri zitzaidan burura.

Baina ez, ez gara betiko geratuko artalde. Demokrazia ordezkatzaileari agerian geratu zaizkio bere akats eta mugak. Hori ez ezik, inguruan sortu dira alderdi politiko berriak, politika ulertzeko eta egiteko modu berriak, herritarrok berriz ere politikan inplikatzeko nahia... Eta, horrela, herritarron burujabetzaren esperientziak ugaritzen ari zaizkigu bazterretan.

Herri honetan aspaldi jarri zuten praktikan hori. Auzolanak izandako presentzia eta eragina gaur egun ere aski nabaria da: kooperatiben sorrera, ikastolena... herritarron mobilizazioa delako garapen kolektiboaren bermerik onena. Garai batekoek ondo zekiten hori; guri ere praktikan jartzeko ordua iritsi zaigu.

Kataluniarrek erakutsi digute mugitzen den harriari ez zaiola goroldiorik ateratzen. Trabarik izan ez dutela ez dugu esango, baina poliki-poliki gutxik imajinatuko genukeen jokalekura iritsi dira.

Etxera begiratuta, beste horrenbeste esan dezakegu. Ez didazue ukatuko Gure Esku Dago sortu zenetik sorpresa bat baino gehiago eman dizkigula geure buruak. Herritarrok elkarrekin jardunda egitera iritsi gaitezkeenaz ari naiz.

Herritarron mobilizazioa garapen kolektiboaren bermea da, eta garapen hori zuzen gerta dadin geuk hautatutako ordezkari politikoek izan dezaketen babesik sendoena. Elkarrekintzak baino ez duelako edozein helburu muturrera eramango.

Erabakitzeko eskubidea gauzatzea gure esku dago. Zer gertatuko litzateke herri honen gehiengoak erabaki nahia argi azalduko balu? Ordezkari politikoek izango lukete herritarron borondatea betearazi ez beste aukerarik?

Hori dugu erronka: herritarron batuketak ekarriko duen aldarrikapena. Jakin badakigu banaka, euskal herritar bakoitzari erabaki nahiaz galdetuko bagenio, elkarbanatu nahi dugula hautetsontzi bat berarekin, prest agertuko litzatekeela. Baina urte gehiegi pasatu ditugu erdi-lo, ahapeka berbetan.

Esnatu beharra daukagu, auzolanaren filosofiari heldu, eta eskutik eman elkarri. Aurrera bideak, oinarri sendoak izan ditzan, herritarron beharra dauka, eta guk, erabakitzeko gogoa. Gauzak aldatzeko gaitasuna daukagu, eta gauzak aldatzen hasiak gara, erabakiraino.

Bejondeizuela kataluniarroi, eta animo euskaldunoi! Har dezagun bidea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.