Nire esperientzia kontatuko dizuet. Via Catalanarena. Egia esan, eskuek elkarri heltzen dioten momentua, minutu zehatza, berezia da. Manifestaldiekin ohituta gaude, baina hau bestelakoa da. Ez dago elkarretaratze handirik, baina jendea begiztatzen duzu ikusi ahala urruti. Independentzia oihukatzen duzu halako irribarre goxo batekin, are dibertigarri batekin, eta, orduan, albokoaren eskuari heltzen diozu; emaztea da bata, eta ezagutzen ez dudan emakume bat bestea. Kamisetak, banderak, helikopteroa eta kamerak. Irratian, Lleidako kanpaiak entzuten dira, denoi irteteko dei eginez, kilometroak eta kilometroak betetzeko, kaleak, errepideak.
Eta, bat-batean, pentsatzen duzu zenbat jende dagoen elkarri eskutik helduta, zurekin. Ingurura begiratzen duzu, eta pentsatzen duzu oso zaila dela lortu izana. Ez milioika pertsona behar direlako bakarrik. Baita norberak non jarri jakin beharra daukalako ere, edo ilarak funtzionatzen ez duelako. Eta batzuek, goiz-goiz abiatu, eta herrialde erdia zeharkatu dute behar genituen tokian egoteko. Eta beste batzuek ez dute ia lorik egin, katea prestatzeko. Eta argazkilariak. Eta gidariak. Eta herrialdea kartelez bete duen jendea. Eta webgunea egin duena… Bat-batean, jabetzen zara, ez bakarrik asko garela, baizik eta nahi dugun horixe bera garela eta elkartuta gaudela, izan nahi dugun bezalaxe.
Espero dut Bartzelonako Paralálelen irailaren 11n sentitu nuen horixe bera sentituko duzuela gaur Iruñetik hasi eta Durango bitartean. Espero dut Gure Esku Dago sekulako arrakasta izango dela Euskal Herriarentzat, etapa demokratiko berri bat hasteko. Eta nahiz eta batzuek, besteak beste Arnaldo Otegik, ezingo duten beren eskua zuenari lotu, ez izan dudarik: denok elkarrekin indartsuagoak gara.

ENBAXADA BILA
Eskuz esku
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu