Vicent Partal.
Enbaxada bila

Estu eta larri

2013ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nazionalki aurrera egin ahala, gero eta negargarriagoa da gizartearen panorama. Maiatzaren Lehena balantzea egiteko baliatu ohi da, eta egoera ezinago gaiztoa da. Historiako garairik gaitzenean bizi gara, luzaroegi dirauen garai ezinago krudelean.

Inoiz esan izan dut independentismoa dela katalanok dugun modua Europako hegoaldeko protestaldi orokorrean parte hartzeko. Grezian, muturreko ezkerra darabilte; Italian, clown pare bat ezarri dute; Portugalen, Grandola ezinago ederra kantari dabiltza... Eta, Katalunian, estatu propio bat eratu nahian gabiltza. Halaxe baino ezin da ulertu irailaren 11ko manifestarien irribarre zabala. Guretzat, independentzia da modurik lasterrena sagu zulo honetatik irteteko, non gezurretan aritu baitzaizkigu austeritate behartuaren politika zentzugabeak.

Eta sindikatuek ba al dakite? Denetarik dago, baina ezezkoan nago. Hala eta guztiz ere, eta nolanahi ere, oro har, Kataluniako sindikatuak oso lan duina egiten ari dira prozesuan. Gehiengoa dutenak —CCOO eta UGT— irmo atxikitzen ari zaizkio erabakitzeko eskubideari. Eta gainerakoak, salbuespen bitxiren bat gorabehera, lehenaz gain are eta konprometituagoak daude. Egia esateko, gure herrialdean ez da zuenean bezala gertatzen, eta mobilizazioak ez dituzte zuzentzen sindikatu nazionalistek. Baina, hain zuzen ere, horrexegatik ezin gara kexatu.

Besterik da, jakina, gustura ikusiko nituzkeela are indar handiagoz salatzen gure gobernu autonomikoak jasaten ari diren itolarri ekonomiko aurrez pentsatua. Sinetsita bainago eragile hori aintzat hartzen dutela azterketa bat egitean, baina, hala ere, oraindik nekez sartzen dituzte haien eskabideetan. Logikoa ere bada, neurri bateraino, ulertzekoa baita haien diskurtsoen arretagunea izatea protestak, bateko zein besteko gobernuek egindako murrizketak direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.