Alazne Arruti Bengoetxea.
ELE

Etengabeko iterazioan

2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Iterazioa kalkulu, algoritmo edota prozesu batean behin eta berriz errepikatu beharreko pausoetako bakoitzari deritzo. Aurreko baldintza bat betetzen denean burutzen den ekintza horrexeri. Informatikan zehazki, gai zabal eta ezjakin honekiko dakidan apurrari errespetuz, jokoan dauden aldagaiak aztertu eta gauzatu beharreko aginduak ezartzeko baliatu ohi dira.

Problema baten soluzioa topatzeko behin eta berriz egiten diren hurbilketetako bakoitza ere izan daiteke iterazio bat. Proba bat, akastuna izanagatik, zehaztasunera heltzeko promesa baten formulan.

Beraz, konplexutasuna eraikitzeko tresnak izan arren, ekintza sinple eta erabilgarri bat dute oinarrian. Agian guretzat ere baliagarria litzatekeena. Izan ere, bizitza bera, iterazio prozesu erraldoi bat izan liteke. Hanka sartze bakoitzaz, zerbaitekiko hurbilketa etengabe bat.

Maitatu baldar samar, sano maitatzen ikasteko. Jauzi eskaileretan, hurrena tentuz abiatzeko. Irentsi laktosadun postre bat, frogatu gabeko intolerantzia sabeleko minaz berresteko. Xahutu energia arduragabe, hilabeteko faktura onartezinak mamian duenaz hausnartzeko. Funtsean, okertu bete-betean, inguruan dugunarengan eragiteko dugun gaitasunaz jabetzeko.

Probaz proba gureganatzen ari garen helmuga hori, ordea, kolapsoa bera izan daiteke. Egungo egoera zurrunbilotsuaren muin eta begia. Galga ahuleko gainbehera baldar baten amaiera.

Edo hala izaten jarraituko du behintzat, baliabide mugatuko planeta honetan, bizirauteko etengabe hazi behar duen sistema bati eusten diogun bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.