Euskal Errepublikaren alde

2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Pozgarria da errepresioaren eraso bortzitzaren azpian eta ia bakardadean esan ditugunak askoren ahoetatik aditzea. Trantsizioa iruzurra izan zela, Francok izendatu zuela Borboia, zigor gabe gelditu zirela diktadurako kriminalak, estatu aparatuak ez zirela inoiz garbitu, kasta politiko ustela ekarri zuela kontsentsuaren mitifikazioak, herrien eskubideak ukatu eta urratu direla estatuaren batasuna lehenetsiz, ideien pertsekuzioa ez dela salbuezpena, ohitura baizik, ez gaudela benetako demokrazian eta abar.

Nonbait, zentzu komun berriaren oinarriak bilakatzen ari dira ideia hauek espainiar estatuko jende askorendako, Catalunya eta Euskal Herritik haratago, eta izugarrizko berri ona da, besteak beste Francoren heriotzaren garaian egindako irakurketa eta apostua asmakizun gisa agertzen zaizkigulako, etorkizunerako ikasgai baliagarriak eskainiz.

Ikasgaiak gogoan, trantsizioaren lehen unetik jakin genuen estatu maila lehenestea borroka aterabiderik gabeko kalean sartzea zela. Hobe genuela, frankismoan bezala, geure bidea hartzea, estatu mailako markoaren menpe erori gabe.

Eta, halarik ere, estatu mailako hausturan kokatzen zen ibili beharreko bidea, baina orain ez gaude 1977an, 2014an baizik. Joandako urteotan, gauzak aldatu dira eta horietariko bat da estatu mailako markoaren, bestela esanda, espazialitatearen gainbehera. Hausturaren erreferentzia birkokatu da eta zerumuga ez da espainiar estatuan erregimen berria osatzea, herri bakoitzak bere estatua osatzea baizik. Espainiar Estatuarekiko haustura demokratikoa, alegia.

Ikasitakoa eta etorkizunerako egitasmoa aintzat hartuta, geure bidearen aldeko apostua berritzeko tenorea dugu espainiar estatuaren krisiaren leherketa berri hau. Euskal bidea, Euskal Herriak aukeratu behar duen bidea behar dugulako, inoiz baino gehiago.

Ederki dakigu errepublika monarkia baino hobea dela. Nazionalismo espainiar monarkikorik bada, baina ez dago euskal independentismo monarkikorik. Erarik naturalean, Euskal Herria estatu gisa irudikatzen dugunean, errepublikaz ari gara, nola bestela? Baina jakin guk ere badakigu zer den errepublika baten zapalkuntza jasatea. Eta ez gara nolanahiko errepublikaz ari, liberté, egalité eta fraternité hitz ponposoak mundu osoari eskaini dizkion errepublika txobinista eta jakobinoaz baizik!

Espainiar estatuan errepublika eraiki nahi dutenen aurrean elkartasun eta begirunea sentitzen dugu. Gu ere espainiar monarkiaren kontrakoak gara. Gu ere errepublikazaleak gara: beste batzuek ez bezala, guk urte hauetan guzietan aldarrikatu dugu hausturaren beharra.

Indarrak biltzeko aukerak mahai gainean daude, eta euskal independentistok adierazten eta frogatzen ari gara borondateak metatzeko asmo irmoa dugula. Baina, argi esan dezagun, inork ezin digu eskatu etxeko atetik kostata kanporatu dugun espainiar markoarekiko menpekotasuna leihotik eta errepublikaren mozorroaz sartzen laguntzea. Bururatuko ote litzaioke norbaiti Simon Bolibarri leporatzea Penintsulan aldaketa errazteko Ameriketako errepublika berriak sortzeko borroka bertan behera utzi ez izana? Eskatuko digute halakorik guri, ez badigute jada eskatu? Ikusiko, baina Bolibarrek amerikar bidea hartu zuen, eta guk ere gurea aukeratu dugu.

Edonola ere, herritarrok erabaki behar dugu, erabakitzeko fomuletan baitago demokraziaren gakoa. Halaxe aldarrikatuko dugu Gure Esku Dago-en ekimen erraldoian. Gako honen inguruan dago errepublika eta errepublikazaleen arteko esparru komuna, areago, demokrata guzien arteko esparrua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.