Euskaldunak, eta postu gehiago

2016ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Ikasturte honen hasieran Nafarroako Hezkuntza Sailak Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzarako Lan Eskaintza Publiko berri bati ekingo ziola iragarri zuen. Aurreko gobernuko hezkuntza sailburuak 134 lanpostu eskainiko zituela aipatu bazuen ere, oraingoak 320era igo zuen eskaintza. Berri ona, dudarik gabe, baina ez nahikoa. Nafarroako hezkuntza sistemak dituen beharrak ongi aztertu eta horien arabera egin beharko litzateke kalkulu hau. Eta ez dugu esaten behar diren lanpostu guztiak urtebakar batean eskaini beharko liratekeenik, baina bai benetako premien araberako urte batzuetarako lan eskaintza publikoen planteamendu zehatz bat egitea.

Iragarpen honek hautsak harrotu zituen. Ez hainbeste kopuruengatik, baizik eta hizkuntza eskaerengatik. Oraingo honetan lanpostuen %70 euskarazko lanpostuentzako izango zelako alegia. Batzuentzat, desoreka arazo bat sortzen ari zen LEP honekin, baina alderantziz egiten zenean ez omen zuten desoreka hori ikusten nonbait. Aipatzen den euskara eta gaztelaniaren arteko oreka egoera hori, gizartean aldarrikatzen al dute ere?

2015eko otsailean Nafarroako parlamentuan Vascuenceren legea delakoan aldaketa bat egin zen Nafarroa Garaiko edozein herrietan D ereduan ikasteko eskubidea bermatzeko. Garbi dago euskal ereduaren zabalpenerako irakasle euskaldunen beharra izango dugula. Nola liteke lege aldaketa horren alde egitea eta euskarazko lanpostuen eskaintza handiagoaren beharrik ez ikustea? Nola bermatuko dugu eskubide hori irakasle euskaldun nahikorik ez badugu? Kontraesan ugari daude.

Lege horren aldaketaren kontra zeudenek, berriz, euskaldunak lehen mailako hiritarrak bihurtzen ari direla diote, besteen kaltez. Zeintzuk dira, eta izan dira beti, herritarrok hizkuntzen arabera baztertzen zituztenak? Zeintzuk erabaki zuten bizi ginen tokiaren arabera nafarrok hizkuntza eskubide desberdinak izan behar genituela?

Eleaniztasuna ere asko aipatzen ari da guzti honen harira. Eta gu ez gara sekulan horren kontra egon, baina euskara abiapuntutzat hartzen duen eleaniztasunaren alde egon izan gara beti. Euskaldun eleaniztunak nahi ditugu eta horretarako irakasle euskaldunak behar ditugu.

Berriz ere, hezkuntza eta hizkuntza bata bestearen kontra aritzeko erabiltzen ari dira. Eta ika-mika horretan inork ez du kopuruez hitz egiten. Nahikoak al dira lanpostu kopuru horiek gure herriak behar duen eskola lortzeko?

Lan eskaintza publiko honek egungo hezkuntza sistemaren premiei erantzun behar die. Nafarroako hezkuntza sistemak dituen beharren azterketa sakon bat egin beharko genuke lehenbailehen, eta horri erantzungo dion neurriak hartu. Horietako bat lan eskaintza publikoa izango litzateke. Baina ez programa politiko baten eskainitako LEP bat. Aztertutako beharrei erantzungo dien Lan EskaintzaPublikoen plan estrategiko bat diseinatu behar da. Eta eskaintza hori premien arabera antolatu.

Premiazko hainbat neurri ditugu mahai gainean: ratioen jaitsiera, azken urteetan ezarritako murrizketekin bukatzea, behar berezietako lanpostuak, D ereduaren zabalpenerako irakasle euskaldunen beharra...

Benetako kalitatezko hezkuntza nahi baldin badugu, irakasleriaren behin behinekotasunari erantzuna eman behar zaio. Gaur egungo hainbat eskola publikoetan hezkuntza proiektuberritzaileak daude, eta irakasleen plantilla finko bat ez izateak zailtasun handiak sortzenditu hezkuntza proiektu horiek behar bezala garatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.