Euskara Nafarroan: mamua ala aukera?

BERRIA.
Ivan Gimenez.
2017ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Aste honetan, eskela gehien dakarren Nafarroako egunkariaren azalak euskal apokalipsia iragarri du: «Alerta sindikala Administrazioan euskararen gehiegizko pisuagatik». Egun horretako lehen berria zen, letra ezin lodiagoetan. Neur dezagun alerta horren tamaina: alerta hori nork eman zuen? UGT sindikatuak.

Zenbat ordezkari sindikal ditu UGTk Nafarroako Administrazioan? Hemezortzi.

Asko ala gutxi dira? Guztira, 290 ordezkari daude. Beraz, UGTk %6,2ko ordezkaritza dauka. Alerta sindikala?!

Beste adibide bat: diotenez, Nafarroako Gobernua euskararen inposizioa erabiltzen ari da aukeren berdintasunaren aurka. «Mediku ona ala euskalduna?» betiko galdera da, biak kontrajarriak baleude bezala. Errealitatea oso bestelakoa da: Nafarroako emakume euskaldun guztiak Iruñean erditzen dira, baina legeak ez die euskaraz artatuak izan daitezen bermatzen.

Hezkuntza publikoan, euskara Troiako zaldia omen da, eta inposatzen dute Nafarroa Euskadin sartzeko tresna bezala. Baina zer da benetan inposatzen dena? Datu batzuk: Iruñetik hegoalderako herri gehienetan (Tutera, Erriberri, Azagra, Cintruenigo, Caparroso, Zangoza... 51 herriko zerrenda) ikasteko aukera bakarra dago: ingelesez, PAI izeneko programa (leku gutxietan euskararekin batera -PAI D-, eta, gehienetan, gaztelaniarekin-PAI G-). Nafarroako 51 herritan eta Iruñerriko auzo batzuetan (Donibane, Azpilagaña, Buztintxuri, Sarriguren...), ezinbestean, irakasgai asko ingelesez ematen dira. Sare publikoan alternatibarik ez, ezta gaztelaniaz ikasteko ere! Erribera osoan!

Kolonizazio bera pairatu zuen Indiak XX. mendean (eta, frantsesari dagokionez, Aljeriak), haiek behartuta; nafarrok, Ingalaterrako armada kolonizatzailerik gabe.

Honaino, benetako egoera eta gezurrezko propaganda. Erdian, Gobernu (ez hain) berria. Baina benetako galdera hor dago: Zer egin? Orain arte, aurrerapauso garrantzitsuak eman dira: D eredua Nafarroa osora hedatzea, euskarazko hedabideentzako laguntza eta sustapena (Euskalerria Irratiaren lizentzia, ETB ikusteko aukera baliabide ekonomiko handiagoak...), euskaltegientzako laguntzak, Iruñeko haur eskola batzuk euskaraz jartzea, Gobernuak informazioa maizago ele bitan eskaintzea... Ez da gutxi, baina ez da nahikoa. Eta, gutxi izanda, erregimenaren eta korralitoaren kontraerasoa bortitza izan da. Ziurrenik, kontraerasoaren tamaina berbera izango zen aurrerapauso ausartagoak eman izanez gero... Beraz, prezio beraren truke, agian aldaketa gehiago egitea merezi izango zuen.

Egia da Nafarroan euskararen promozioak denbora behar duela, baina printzipio demokratikoei ezin zaie huts egin, eta Hezkuntzaren zerrenda bakarraren afera onartezina da: irakasle elebidunei ez zaie bermatzen bi hizkuntzatan klasea emateko eskubidea, baina erdaldun elebakarrei euren aukera blindatzen zaie.

Interes ideologiko eta korporatiboen fronteari (UPN-PSN, Afapna, UGT, CCOO eta Gobernua babesten duen I-E) erantzuteko argudioak printzipio demokratikoetan oinarritu behar ditugu (zerrenda bakarra, eskaintza eskariari egokitzea, haur eskoletan bezala...) desberdintasunaren eta pribilegioen aurkako borroka gisa. Hori da bidea: berez, Nafarroako gizartearen zati gehiena ez delako euskarofoboa, zentzu politiko eta esentzial batean. Aldiz, korralitoaren indarrek tresna moduan erabiltzen dituzte jende arruntaren beldurrak eta eguneroko interesak: «Euskararik gabe, nire seme-alabek lanpostu bat aurkituko ote dute?». Galdera horri erantzuna ematen asmatu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.