Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Euskararen eta leizeen arteko harremanaz

2023ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Ikasgela barruan gaude, EAEko gobernuak sortutako etorkinen ghettoetako batean. Euskara eskola hasi behar da, baina horren aurretik gelan dauden bi irakasleek —euskarakoak eta laguntzaileak— nerabe matxino guztiak haien lekuetan eser daitezen lortu behar dute. Irakasleekin harreman ona daukatenez, gazteetako bat, umoretsu, txantxak botatzen animatzen da: «Infernuko hizkuntza hori orain ikasi beharko!». Laguntzaileak erantzun dio: «Eeez, baina ez esan hori, euskara oso hizkuntza preziatua da, oso zaharra da...». «Bai, zaharra... leizeen garaikoa! Desagertuko balitz!».

Azkenean, eta giro onean, egoera baretu egin da eta euskaraz ezer gutxi edo ezer ez dakien talde hark ekin dio curriculumak agintzen dituen nor-nori-nork taulak ikasteari. Ez naiz inola ere gehiegi asaldatuko gazte batek konfiantzazko giroan botatako boutade batengatik, are gutxiago gazte hari duela hilabete Ozeano Atlantikoa zeharkatzea eta nerabezaro erdia kontinente arrotz batean igarotzea suertatu zaionean. Horren ordez, deigarria egiten zait zein oker funtzionatzen duen euskararen antzinatasunaren topiko faltsuak, baita gurera etorri berri-berria den pertsona batekin ere.

Euskarak berezitasun ugari dauzka: hizkuntza gutxitua da, biziraupen historia luzea dauka, ez dauka ahaide ezagunik... Baina zaharra da? Leizeetakoa agian? Iberiar Penintsulako lehen hizkuntza, Larramendik zioen bezala? Duela 7.000 urte Mesopotamiako Ur hiriko hizkuntza, ezagun bati toponimo hark aditzera ematen dion bezala? Frantsesezko eau duela 1.000 urte euwe baldin bazen, duela 2.000 aqua, eta duela 6.000 bat urte agian *h?ék?eh?, euskarak ura milurtekoetan zehar izoztuta mantentzeko superbotererik edukiko ote du? Ez gara hain bereziak, Irulegiko Eskuko hitzen esanahia asmatu nahian jartzen dugun harridura aurpegiak iradokitzen duen bezala.

Apologista zaharren lanaz gain, terminologia da agian topikoa bizirik mantentzen duen errudun nagusia, hizkuntzaren aro guztiei euskara deitzen diegu-eta eguneroko hizkeran, nahiz eta duela 2.000 urteko mintzairaz aritu. Nik ere neure boutade propioa daukat eta euskara gaztelania edo frantsesa bezain hizkuntza gaztea —edo bezain zaharra— dela esatea atsegin dut. Haiek bezain arrunta, bezain aldakorra, bezain mistizismorik gabea, eta haiek bezainbesteko begirunea eta bizirauteko eskubideak behar dituena. Ez kontserbatu beharreko erlikia delako, duintasuna giza eskubidea delako baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.