Halako tokitan jaio zutela esaten zuen umoregile batek, ez halako tokitan jaio zenik.
Izan ere, jaiotzaren hori ez baitu norberak erabakitzen. Eta non gutxiago. Arrunt harro arraroak gara pertsonak. Bere autoaz edo etxeaz harro dagoenaren ondoan ezagut daiteke bere jatorriaz ere harro dagoenik, nahiz jatorri horretan meritu zipitzik ez izan. Eta kasu okerragoak ere badira. Pertsona egon daiteke harro, esaterako, Jumillan jaio zelako eta han ardo ona egiten delako, nahiz berak ardogintzan zerikusirik izan ez, edota Zarauzkoa delako eta han jaio zelako Joxe Anjel Iribar. Jatorriarena beti iruditu izan zait, beraz, argudio irrigarria, edo pertsonon irrigarritasuna nabarmenen bistarazten duena. Eta irrigarritasun horren gorena, jator eta jatorri nahastuz, jatorrira jator jota, sagardo botilen etiketek ekarri zuten duela zenbait urte: «Jatorrezko sagardoa».
Nonbaiten kokatu behar izaten dugu ordea geure burua, eta askotan jaio gintuzten tokitik urrun kokatzea tokatzen zaigu edo hautatzen dugu. Eta beharrak ondoren hautua ere ekar dezake askotan. Ikuspegi horretatik, bertakotzeko aukera egin duen etorkinarenetik uler ditzaket «euskalduna naiz eta harro nago» esaldiaren gisakoak.
Orain, badakizue Mariano Raxoiren gobernuaren ideia zen izan den: gastuak murrizte aldera, paperik gabeko etorkinei osasun zerbitzuak galaraztea. Espainian 150.000 inguru izan omen daitezke tripako mina denborarekin, burukoa pazientziaz eta hankartekoa maldizioka sendatu behar izango dutenak. Idoia Mendia andereak Erkidegoan horrelakorik ez dela gertatuko ziurtatu du, ulertzeko moduko hitzez gainera, eta behingoz harro samar sentitzeko aukera eman digu euskaldunotan batzuei. Baina joera begi-bistakoa da. Krisi garaian bakoitzak bereari begiratzen dio, eta beretzat hartzen du lehenik kasualitateak, eta gerora zerga-ordainketak esparrututako lur-eremua.
Txarrena da PPren gobernuaren burutazioak izango duela babesik eta oniritzirik herritar xeheenen artean ere. Cheyene asko dago hemen besteei «machu-pichu» deitu eta lasai geratzen dena; tiro gora egin beharrean orgatilen parera egiten duena; bere minaren eta ezinaren erantzule parekoa egiten duena, gainekoa egin ordez. Lehen ez bezala, hasiak geunden inguruan ere kexuak entzuten. Etorkinak ikaragarri espabilatuak direla. Gu bezain ongi edo hobeto bizi direla. Leihatilaz leihatila edo kalez kale bizimodua ateratzeko gai direla. Paper batzuk bete eta ia ezer egin gabe bertakook lan eginda adinako diru-kopurua lortzen dutela lanik ezagatik, etxearen alokairurako, umeko…
Ulergarria da lanik gabe dagoenak, lana galdu eta behar adinako ordain-saririk jaso ez duenak edota lanean ari baina eskubide funtsezkoenik gabe ari denak, hilean mila eurotik pare bat ziento behera kobratzen dituenak, nominan kopuru bat eta eskura txikiagoa jasotzen duenak, eskura hainbeste jaso baina nominan gutxiago azaltzen zaionak, lana galtzeko beldurrez gaixotzeko ahalmena ere galdu duenak… mundua erreminez ikustea. Baina ez da hain ulergarri hipopotamoaren bizkar gaineko txori txikia ikusi eta hipopotamoa ez ikustea.
Aurpegia dutenak gehienak bertakoak izaten dira. «Ezdakitnongo» izatearen harrotasuna gurekin konpartitzen dutenak. Tranpatan ari direnak, enpresa bat gogoa emandakoan itxi, nominan bat deklaratu eta gero bestea eskura ordaindu, lanpostuari dagokion baino erantzukizun handiagoak eta soldata murritzagoa eman… izan behar lukete gure suminduraren jomuga. Eta hori egitea ahalbidetzen dieten gobernu, fiskalitate-sistema eta legedia.
Garai hobetan, etorkinek eraikuntza lanetako euri eta hotzak jasaten zituzten, negutegietako bero egosia, arrantza-ontzietako aldeginezina, gure gurasoen etxe-zokoetako botika eta lizun usaina… Orduan ez genuen konparaketak egiteko barrurik. Orain kanpotarrak dira. Eta ez diegu opa gaixoaldian ukendurik ere.
Jaio gintuztela esateak belarrira halako krak bat sortzen du, gramatikarentzat ezohikoa delako. Hil zituztela entzuteak etikari eragin behar lioke krakatakoa.
Plazatik
Ezin gaixotu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu