Desagertutzat geneukan gaitza, desagertutzat gaitza izendatzen duen hitza ere. Gasteizko ikastetxe batean izan diren ezkabia kasuek, ordea, garbi utzi digute gaitzak hor dirauela zomorro-zomorro. Eta ez da guztiz galdu ezkabia, larruazaleko gaitza izendatzen duen hitza ere. Garai batean, eritasuna nahiko arrunta zenean, inbidiarekin lotutako esaera adierazkor askoa eman zuen: «Inbidia balitz ezkabia, makina batek eramango luke buruan zapia». Jakina da ezkabiak, sarri, ilearen galtzea dakarrela, eta ezkabiadunek zapi batekin estaltzen zituzten buru-soiltzeak. Hortik esaera. Bestalde, zerbait funts gutxikoa dela esateko, «ez du ezkabiak baino gehiago balio» esan ohi zen.
Azkenik, hona Luzaide aldean esaten zen (esaten den?) esaera: «Arno ta ogia Espainiara, ezkabia Frantziara!». Ona etxerako, txarra atzerrirako, alegia. Bi estatuen arteko mugak etxea eta atzerria bereizten zizkigun garaiko ezkabia, inondik ere.
Hitz beste
Ezkabia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu