Txerra Rodriguez.
MELE

Fodechinchos

2020ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Galizian badute turista errespetagarriak (ironia modua aktibatu, irakurle) deitzeko modu xelebre bat: fodechinchos. Euren ustez, gehienak penintsularen erdialdetik ei datoz, baina ez dakit nik ba...

Eta zelan jokatzen dute fodechincho horiek? Ba, itsaskia ateratzen dute hondartzetatik baimen barik, ez dira kapazak Sanxenxo ahoskatzeko (ez, ez da Sanjenjo ez Sanchencho ezta La Isla de la Toja ere). Eta abar. Kolonialista jokatzen dute eta ez dute errespetatzen bertako kultura (ezta bertakoak ere). Artajorra baino kosmopolitagoak direlako, noski. Munduko hiritar jator askoak.

Horiek dira piperpotodun maskarak janzten dituztenak, Portugalera doazenean oihuka egiten dietenak berba hangoei eta Londresen keinuka egiten dutenak, lotsatuta. Eta munduko aireportuetan gedar egiten dutenak espainolez ez dietelako ulertzen. Gogoan dut orain dela urte batzuk Pragako autobus geltokian espainieradun batzuek egindako builak hango langileak ez zielako ulertzen elebakar koitadu haiei. Kolonialismo hutsa, hori ere.

Jarrera horiek guztiak agian karikaturara eraman ditut, baina errealitatean baden karikatura da horixe. Euskaldun gehienok ere turista gara, eta gutako batzuk godo gara Kanarietan eta beste batzuk fodechincho Galiziako lurretan. Baina gurera horrelako portaera kolonialistak dituztenak datozenean kexatu eta protestatzen dugu. Beharbada gugandik hasi beharko genuke eta oporretan ere tankera horretako portaerak baztertu, eta bertako kulturan eta egiteko moduetan txertatzen ahalegindu. Bidaiatzeko beste modu batzuk daudelako, errespetutik eta jakin-minetik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.