Futbola: osasunaren eta ekonomiaren artean

BERRIA.
Larraitz Lucas.
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Ekonomia, osasuna, futbola eta familia. Ekonomiak eta osasunak badute gure bizitzan aipamen berezia: zer den lehengo ez dago argi guztiontzat. Familia datorkit burura oraingoan: emandakoa edo sortutakoa. Bikotekidearekin egindakoa edo futbolak egina. Hona hemen gakoa. Izar zoragarri honen lau puntak ondo lotuak badituzu, zorionekoa zu! Futbola eta ekonomia eskutik doaz, futbolak osasuna ematen, edo kentzen, digu, eta, futbolak, familia kideen arteko harremana zapuztu, edo hobetu, dezake.

Orain, lau hilabete atzera egin ezazu. Urtearen hasieran zaude eta Athleticek eta Realak, Realak eta Athleticek jokatu behar duten, edo hobe esanda, zuten finala, bai, finala, bertan behera uzten dutela. Txertorik ez duen COVID-19 deitutako gaitza dabil: kutsakorra oso eta hilgarria. Pentsa berrogei egun horietan etxean pasatu izan behar dituzula ordu guztiak. Eta orain pentsa haurrak ezin direla etxetik atera. Estatua larrialdi egoeran dago: Euskal Herria Espainia bihurtu dela, inoiz Euskal Herria izan bada ere, eta kalera ezin garela kirola egitera atera: futbolari guztiak, profesionalak ere, etxean sartuta daude lanean. Gobernuak ez die uzten Zubietara edo Lezamara joaten larrialdi egoera ezarri dutelako. Sinestezina, baietz?

Mundua aldatu du ikusi ezin dugun birus batek. Pandemia dekretatu zuen OMEk orain dela hilabete eta erdi, gutxi gorabehera. Munduko ekonomia, hori bai larria hori, kaltetuta atera da oso. Langabezian jende asko geratu da, eta hona hemen batzuen arazoa: eta kirola zer? Non dago orain kirola? Etxean sartuta gaude denok. Eta telelana deitutako hitz berria plazaratu dugu gure hiztegian. Kirolariek ere horretan dihardute: lan eta lan, baina etxean sartuta.

Futbola estatu mailan botere eta indar gehien duen kirola da zalantzarik gabe: milioiak mugitzen ditu publizitatea sartu zenetik. Gure futbolariek diru nahikoa irabazten dute, ia gehienek, haien bizitza osoa lasai egiteko. Asko hitz egin da egun hauetan kluben zorraz. Hasi ziren klub batzuk ABEEra haien langileak bidaltzen. Klub gehienek, jokalariekin hitz egin ondoren, haien soldaten ehuneko portzentaje bat kentzea adostu dute. Eta, nik dakidala, euskal taldeen jokalarien erantzuna baiezkoa izan da. Zenbat kentzea eta nori eskaintzea kita horren zati bat eredugarri bihurtu da gizartearentzat: egoera ahulean dauden langileei kalterik ez sortzea. Taldean ez dute jokalariek soilik jokatzen. Klubak jokatzen du.

Orain komeriak. Asko edo gutxi den ez dago argitaratuta inon. Bakoitzak norbere diruarekin nahi duena egin dezake eta ni ez naiz inor zer dagoen ondo edo zer gaizki adierazteko. Ezagutzen ditudan futbolari ia guztiek burua dute, nortasuna dute, eta gizartearekin inplikatuta daudela esango nuke.

Etxean jarraitu beharko dute, momentuz, futbol talde guztiek. Protokolo, hori bai hori hitz handia, berri bat ezarri dute momentuz, bai edo bai bete beharrekoa. Nahikoa izango da? Dudarik gabe, osasuna lehenesten dutela argi eta garbi aldarrikatu dute bai jokalariek, baita klubek ere.

Gizartea aldatu den bezala, gure ikuspegiak aldatu beharko luke. Pandemia honetatik zerbait positiboa atera beharko genuke: futbolak mugitzen duen guztiak ezin du osasuna lehenetsi. Futbolari aurretik pertsonak gara. Ez dezagun inoiz ahaztu.

Eutsi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.