Anjel Lertxundi.
HITZ BESTE

Gaitz erdi!

2016ko maiatzaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskara herdoilduxea zeukan gure lagun batek, kuadrilako baten ama alargundu berriari doluminak eman nahi, eta «gaitz erdi!» esan zion emakumeari, halakoetan zer esaten den asmatu ezinez. Hizkuntzaren herdoilak ez zion ematen gaitz osoaren neurriaz jabetzeko adina. Diru-etekina beste deus bilatzen ez duen progreso gaizki deituak ere gaitz erdi! egiten du natura nola hondatzen ari den aurpegiratzen zaionean, diru-gosea gaitz osoaren —ibaien, haranen, itsas-bazterren hondamendiaren— gainetik jarriz. Eragiten ari den gaitz osoaren benetako neurria diruaren distirak ikustarazten ez nonbait.

Irakurri berri dudanez, Gorlitzetik Hondarribirainoko itsas-ertzean soilik ezagutzen zen eta praktikoki desagertua dagoen krabelinaren familiako armoria euscadiensis aletxo batzuk sortu omen dira Donostiako Urgull inguruetan-eta. «Hau bai gaitz erdi!» oihua atera dit hainbeste hondamendi ekologikoren lurretan lore apal galdu baten berpizteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.